Topoaren igarobidearen inguruko mahai-ingurua antolatu du Satorralaiak
Udal eta Foru hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoen ordezkariak gonbidatu dituzte.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak topoaren igarobidearen inguruko mahai-ingurua egingo du otsailaren 5ean. Koldo Mitxelenan izango da 19:00etan.
Datozen Udal eta Foru hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoen ordezkariak gonbidatu dituzte. Horietatik lauk baieztatu dute parte hartzea: Ayem Oskoz (EH Bildu), Jose Manuel Gil (Ciudadanos), Monica Moteagudo (Equo-Berdeak) eta Xabier Sanchez (Ezker Anitza-IU). PPk ere parte hartuko duela baieztatu du.
Gainerako alderdiek ez dute mahai-inguruan parte hartzeko borondaterik agertu, Satorralaiak nabarmendu duenez. Esaterako, EAJ eta PSE-EE alderdiek. Dena dela, parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diete.
Solasaldiaren sarrera gisa, Gorka Jimeno antropologoak topoaren igarobidearen inguruan egin duen gradu bukaerako lanaren ondorioak azalduko ditu. Jarraian, alderdi politikoetako ordezkariek hitz egingo dute, igarobideaz duten jarrera azaltzeko eta hauteskundeen ondoren izango duten jarrera argitzeko. Bukatzeko, publikoaren galderen txanda irekiko dute.