Zinema kritika: 'The Old Man and the Gun'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: David Lowery
Urtea: 2018
Herrialdea: AEB
Azkenaldian The Old Man & the Gun Robert Redford aktorearen azken lana izango dela iragarri da. Pantailan ia 60 urte azaldu ondoren, erretiroa hautatu duela dirudi. Egia esan, ez dakit horrela gertatuko den edo ez, Clint Eastwoodek ere Gran Torino (2008) ostean antzezpena utziko zuela esan baitzuen, eta gutxi barru bere lan berri bat ikusteko aukera izango dugu, The Mule. Egia esan, The Old Man & the Gun ikusi ostean, Redfordek bere antzezle ibilbidea bertan uzten badu, modurik egoki eta dotoreenean egingo du.
Hasieratik amaierara arte Redfordentzako propio egindako film bat dirudi The Old Man & the Gunek, eta omenaldi gisa ere uler daiteke. Filma Forrest Tucker banku lapurraren istorio harrigarrian oinarritzen da, gaztetatik espetxeratua eta etengabeko ihesaldian egondakoa (1936 eta 1999 artean 18 ihesaldi arrakastatsu eta 12 alferrikakoak). Baina harrigarriena Tuckerek zuen lapurtzeko premia, 78 urte izan arte bankuak lapurtzen jarraitu baitzuen. Bere azken lapurretaren ostean harrapatua eta berriz ere espetxeratua izan zen, 2000an. Seguruenik lapur-ihesaldi ibilbidea amaitu zitzaion zaharregia zelako, bestela, idatzita utzi zuen bezala, hemeretzigarrenez ihes egiteko prest zegoen. Ihesaldi guzti hauek laburtuta agertzen dira filmean, Redforden omenaldia azpimarratuz [aktorea protagonista zen The Chase (Arthur Penn, 1966) filmaren irudiak ere erabiliz, fikzioaren mugak nolabait gaindituz].
David Lowery zuzendariaren bosgarren filma atsegin osoz ikusten da, kutsu klasikoa irudi guztietan dariona, narrazio argi eta artifiziorik gabeko batean, eta naturaltasunez antzezten duten aktore talde bikainarekin. Redfordez gain, Tuckeren hirugarren emazte izango zena agertzen da, beti xarmagarri den Sissy Spacek antzeztua (zein ederki gorritzen den aktore hau, hauskortasuna eta egiazkotasuna batera dariola), eta lapurraren gaizkile taldearen (The Over-The-Hill-Gang izena eman zioten taldeari, «maldan behera doan gaizkile taldea») kideak ere eskarmentu handiko aktoreek antzezten dituzte: Danny Glover eta Tom Waits. Ohi bezala, lapur batek bere atzetik doan polizia bat izan behar duenez, hemen ere badaukagu bat, Cassey Afleckek zintzotasunez antzezten duena.
Gainera, ilunabarreko film bat denez, polizia eta lapurraren arteko konplizitate eta enpatia aldi oro ikusiko dugu (kafetegian duten ustekabeko elkartzea ziur asko asmatua da, baina polita ere). Filma oinarritzen den Danny Grann kazetariaren artikuluan azaltzen den moduan, poliziak kazetariari aipatu zion Tuckerren azken lapurretaren jazoeran, lapurra irribarre batekin ikusi zuela. Irribarre horrekin filmak asko jokatzen du, Redforden keinu atsegina etengabe erakutsiz, bukaera bera arte.
Filmaren alde tekniko sortzaile nabarmenak, hala nola musika, argazkilaritza, muntaia edo zuzendaritza ere filmaren egiteko onaren eredu dira, zalaparta eta keinu handirik gabe, The Old Man & the Gun atsegingarri bihurtuz. Ez da maisu lan bat, ezta ekarpen izugarriak dituen film bat ere, baina noizbehinka horrelako «betiko» zerbait ikustea merezi du, patxadaz dastatu baitezakegu ezaguna egiten zaigun hori.
Hasieran aipatu dudan bezala, ez nago ziur Robert Redforden azken lana izango den edo ez, baina Tucker lapurrari buruz zioten bezala, lapurtzea (Reforden kasuan, antzeztea) ez da hainbeste bizimodua ateratzea, bizitzea baizik. So long, Mr. Redford!