Donostiako langabezia-tasa %8koa da
Langabezia gutxien duen euskal hiriburua da Donostia. Azken bost urteetako enpleguaren eboluzioaren berri emateko agerraldia egin du udalak. 2018ko bukaerako datuen arabera hiriko langabezia-tasa %8koa da –7.678 pertsona–. Bilbokoa %14,3koa eta Gasteizkoa %11,2koa.
Langabezia jaitsi egin da azken bost urteetan (%28,8). Abenduan jasotako azken datuek diotenez, lanik gabeko pertsonen %56a 45 urtetik gorakoak dira, %30a 30 eta 45 urte artekoa, eta %13a 30 urtetik beherakoa. Bestalde, Gizarte Segurantzako izen-emateek igoera garrantzitsua izan dute (%10,5). “Gure hirian enpleguak izandako bilakaeraren datuen arabera, argi dago sustaturiko politikak bat datozela langabeziaren tasan izandako murrizketarekin”, nabarmendu du Ernesto Gasco alkateorde sozialistak.
Udalak lan merkatua dinamizatzeko hartu dituen neurrien artetik Donostia UP! 2018 plana azpimarratu du Gascok. 9,8 milioi euroko aurrekontua du eta estrategiaren helburua da giza kapitala, enpresen lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa uztartzea. “Planak talentua erakartzearen eta talentuari eustearen zein berrikuntza bultzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du”.