Kirol jarduerak egiteko aukera malgutu eta erraztu dute
Udalak otsailaren 1etik aurrera martxan jarriko den Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua aurkeztu du.
Kirol txartela duten herritarrei zuzendua, egitasmo honek eguneroko bizitzako zereginak kirol jarduera finkoekin uztartzeko zailtasunak dituztenei laguntzea du helburu.
Hileko kuota bat ordainduta, kirol txartelaren erabiltzaileek astero burutu nahi dituzten kirol jarduerak aukeratu ahal izango dituzte, astez aste eguneratuko den programazio zabal batetik. Kirol jarduerak planifikatzeko ahalik eta malgutasun handiena eskaintzeko, herritarrek egunero moldatu ahal izango dute hurrengo zazpi egunetarako duten jarduera egitaraua.
Zerbitzua hilabete baterako kontratatu ahal izango da eta hilabetez hilabete berritzen joan. Bi tarifa mota egongo dira:
- Aukeran tarifa (25 euro hileko): astean gehienez hiru saio egiteko eskubidea. Tarifak ematen duen gehienezko saio kopurua gaindituta ere, saio solteak erosi ahal izango dira.
- Aukeran Plus tarifa (37 euro hileko): egunean bi saio egiteko aukera.
Gainera, zerbitzua kontratatu ez duten erabiltzaileek ere saio solte bat erreserbatzeko aukera izango dute, 3 euroren truke.
Egitasmo honek eskainiko dituen kirol jarduerak Paco Yoldin, Bentaberrin, Etxadin, Egian, Bidebietan, Intxaurrondon, Carmelo Baldan, Antonio Elorza Belodromoan eta Altzako udal gimnasio berrian antolatutako dira. Zerbitzu honen bidez oraingoz ezin izango da igerilekuetako jardueretan izena eman.