Uliako putzuak eta bertako biztanleak ezagutuko dituzte
Ulia Interpretazio Zentroak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Uliako putzu sarea eta bertako biztanleak ezagutarazteko jarduera egingo dute larunbatean, otsailaren 2an. Hezeguneen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, 2018an eraiki den azken putzua ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Putzua Herri Ametsa ikastetxearen ondoan kokatuta dago. Ulia Interpretazio Zentrotik abiatuko dira 11:00etan, eta helburu nagusia Uliako putzu sarea ezagutzea da. Gainera, gizakien jokabide desegokiek naturan izan ditzaketen ondorioez ohartarazi nahi dute, eta parte hartzaileen artean irtenbideak bilatu.
Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak adierazitakoaren arabera, putzua eraiki zenetik arazo larria izan dute zaborrarekin: “Horregatik, ibilbide osoan eta bereziki putzuan bertan zabor bilketa egingo dugu arazoa saihesteko neurriak hartzearekin batera”. Amaitzean, interpretazio zentrora itzuliko dira, hamaiketako batekin indarrak berreskuratu eta lagunartean kezkak eta ikasitakoa partekatzera. Jarduera honen bitartez gure ingurumenean hezeguneek daukaten garrantzia nabarmendu nahi dute, izan ere, horien osasunak animalia espezie askoren biziraupenean eragin zuzena du.