"Bizitzan eskatu dudan autografo bakarra Xabier Saldiasi eskatu nion"
Ordiziarra izan arren, 2001. urtetik Donostian bizi da Sara Cozar aktorea. Erdialdetik, Amaratik eta Intxaurrondotik pasa da Egiara bizitzera etorri aurretik.
Zergatik aukeratu duzu Egia taberna?
Egundoko kasta duelako. Auzoan badira kasta duten beste taberna asko, baina honen terrazak txoratu egiten nau.
Parean bizi naizenez, egunero pasatzen naiz ondotik. Babelgo dorrea ekartzen dit gogora. Mahai hauetan edozein esertzen da, bost axola ondokoa ezagutu edo ez. Eta beteta dago beti, naiz eta elurra egin.
Nolatan etorri zinen auzora bizitzera?
Haurdun geratu nintzenean leku handiago bat bilatu behar izan nuen, eta Egia aukeratu nuen bizitoki gisa, hemen oso gustora nagoelako. Nortasun handiko auzoa dela iruditzen zait.
Ni Ordiziako Altamira auzokoa naiz, eta betidanik egin izan dut auzoko bizitza. Etxe azpiko harategian edo fruitu-dendan erosi nahi dut, eta inguruan bizi direnekin harremana izan. Egiak hori ematen dit. Gainera, askok kontrakoa esan arren, nik beti topatzen dut aparkatzeko tokia!
Zein proiektu duzu esku artean?
Bi antzezlanetan ari naiz lanean. Batetik, Joseba Apaolazarekin egindako Ergela amaitzen ari naiz, eta bestetik, Erlauntza hasten ari gara. Oraindik estreinatzeko dauden filmetan zenbait papertxo jorratu ditut, eta horretaz gain, Ibai ikastolan antzerki klaseak ematen ari naiz.
Azken urteetan antzerki asko egin duzu.
Ez da nik hartu dudan erabaki bat. Nik betidanik egin izan dut antzerkia, eta urtero gutxienez antzezlan bat egin izan dut. Horrekin batera, ordea, telebista ere egiten nuen. Orain, berriz, aukera hori desagertu egin da, ez delako fikzioaren aldeko apusturik egiten.
Fikzioa ez egitearen aukera ez litzateke existitu behar. Nik 38 urte ditut eta badut ibilbide bat, baina atzetik datorren belaunaldi oso bat ez da telebistan lan egiten ari. Antzerkiak oso diru gutxi ematen du, eta aktore gisa bizitzeko bermea telebistaren bidez lortzen da. Hemengo kateek ez badute guregatik apustu egiten, akabo.
Euskal zinemagintzak une ona bizi du. Aktoreek nabaritu dute hori?
Handia-ren moduko filmen arrakasta ikusita, politikariek Euskal Herriko aktoreak hainbatetan laudatu dituzte, baina aktoreei ez digute ezertan lagundu. Egun aktore izan nahi duen norbaitek zailtasun asko topatzen ditu.
Are gehiago emakume izanda.
Gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna arlo guztietan ematen da, baita gurean ere. Niri odolak irakiten dit film batean hamar gizon eta emakume bakarra ikusten ditudanean.
Behintzat azken urteetan arazoaz jabetzen joan gara eta eztabaidak sortu dira gaiaren inguruan. Leticia Dolerarekin gertatutakoa horren adibide da. Eztabaida onuragarria da.
‘Euskalduna naiz eta zu?’ saioak eztabaida baino gehiago polemika sortu zuen.
Horrez geroztik gehiago pentsatzen dut publikoki zer esan eta zer ez. Ez beldurragatik, polemikek ematen didaten nagiarengatik baizik. Mundu guztiak gauza guztiei buruz iritzia doan eman ahal izatea ez zait gustatzen.
ETBren saio horri dagokionez, hanka-sartze segida bat izan zela uste dut. Gaiarekin eta muntaketarekin ez zuten asmatu, eta polemika sortu zenean ekoiztetxeak bere erantzukizunei ez zien behar bezala aurre egin. Miren [Gaztañaga] oso bakarrik utzi zuten.
Ba al duzu aktore erreferenterik?
Badaude asko atsegin ditudan aktoreak, baina ez naiz batere mitomanoa. Hori ez dator nirekin. Bizitzan eskatu dudan autografo bakarra Xabier Saldiasi eskatu nion, Lazkaomendin.
Nola prestatzen dituzu zure paperak?
Pertsonaiaren historian asko sakontzen dut. Norbait ulertzeko, bere bizipenak ezagutzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Berarengandik gertuago sentitzen zara horrela.
Filmatzeetan, ordea, sentimenduak plazaratzea kosta egin daiteke. Zirrararako bide hori egiteko kantak erabili ohi ditut. Azken dantza hau abestiak, adibidez, negar egiten laguntzen dit. Kanta bakoitzari zirrara bat egokitzen diot, etxean eginiko prestaketaren bidez. Horrela, grabaketaren aurretik aurikularrak jarri eta, Pavloven txakurren modura, erreakzio bat lortzen dut.
Baduzu ezaguna ez den zaletasunik?
Besteak beste, saltsa dantzatzen dut. Klaseetara joaten naiz, eta izugarri atsegin dut. Erritmo latinoak oso barneratuak ditut, ni oso latina naizelako.
A bai?
Erabat! Eta ez hori bakarrik. Joera latino eta andaluziarrak ditut. Nire aita Jaengoa da, eta senide ugari ditut Andaluzian. Horregatik, flamenkoa ere barnean daramat. Dantza egiteak on asko egiten dit.
HAMABIETAN BERMUTA: Bermuta eta patatak.
Non. Egia taberna (Egia).
Prezioa: 3,40 euro.