Etxekalte, arlote parrandazalea
Bere garaian Donostian aski ezaguna izan bazen ere, gutxi dira egun hirian Jose Joaquin Iradi hernaniarra nor izan zen dakitenak. Parrandazale amorratua, tabernetan sortzen zituen iskanbilengatik Donostiara bueltatzeko debekua ezarri zioten.
Bernardo Estornes kulturagile eta idazleak Auñamendi Eusko Entziklopedian jaso zuen Jose Joaquin Iradi hernaniarraren historia. XIX. mendeko arlote honi Etxekalte ezizena jarri zioten, kezkak saihesteko gurasoengandik herentzian jasotako etxea erre ostean.
Bere garaiko idazleek bertsolari eta parrandazale amorratu gisa definitu zuten, bere obsesioa Donostian bizitzea zela azpimarratuz. Dirudienez, hiriburuan gustukoago zuen giroa topatzen zuen, eta hemengo taberna eta sagardotegiak aztoratzea ederki baino hobeto ematen zitzaion.
Bertsolari gisa ez omen zen oso ortodoxoa. Estornesen hitzetan, “metrikaren arabera baino gehiago, bertsoak bere gogoen arabera luzatzen zituelako”. Horrek lagunduko zion, agian, jendartean zuen ero ospea indartzeko. Izan ere, Gipuzkoako garaiko gobernadore zibilaren ustetan, Etxekaltek “ero zegoela aitzakia gisa erabiltzen zuen lanik ez egin eta alferkerian bizitzeko”. Edozein kasutan, badirudi herritarrek hernaniar xelebre hura gustuko zutela, agintariak argi utzi baitzuen Etxekalteri Donostiako kaleetan “denek jaten eta edaten ematen ziotela”.
Parranda giroan behin eta berriz sortu ohi zuen anabasa eta iskanbilarengatik Etxekaltek gaua sarritan ziegan amaitzen zuen. Presozainek hurrengo egunean Hernanirako bidera eraman eta bertan agurtzen zuten, baina gobernadorearen zoritxarrerako, arlote hura beti Donostian agertzen zen berriro ordu gutxitara.
Horregatik, eta Etxekalteren bisitak Donostiarentzako “kaltegarriak” zirela argudiatuz, gobernadoreak “beharrezkoak diren neurriak” hartzeko erregutu zion Hernaniko alkateari, parrandazale hernaniarra hirira berriro inoiz bueltatu ez zedin.