Gaueko Aterpea urte osoan zehar irekiko dute
Zorroagako Gaueko Aterpeak orain arte abuztuan ateak isten bazituen ere, hemendik aurrera urte osoan irekita egongo da. Gainera, instalazioak hobetu ditu udalak, erabiltzaileen intimitatea hobetu eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, udalak duen “zerbitzu garrantzitsuenetako bat” da Gaueko Aterpea.
Instalazioen hobekuntzari esker, erabiltzaileek eguneroko beharrei hobeto egokitutako espazio duinagoak izango dituzte. Instalazioen hobekuntza dela eta, bi ohe gutxiago ditu aterpeak orain: 22 plaza eskaintzen ditu, eta beste 16 plaza larrialdietarako. Erabiltzaileek gaueko 20:00etatik goizeko 09:00etara erabili ahal izango dute Gaueko Aterpea.
Iaz 143 pertsonek erabili zuten aterpea, horietatik 123 gizonak izan zirelarik eta 20 emakumeak. 2017an ere 143 izan ziren instalazioak erabili zituzten pertsonak, eta horietatik 116 gizonak izan ziren eta 27 emakumeak. Bestalde, 2018ko urriaren 1etik Arrats elkartea da Gaueko Aterpeaz arduratzen dena 452.900 euroko esleipenarekin.