Gaur estreinatuko dute 'Dragoi Bola Super: Broly' filma euskaraz Donostian
Gaurtik aurrera egongo da ikusgai Dragoi Bola Super: Broly filma euskaraz Principe zinema aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barruan. Telesaila euskaraz lehen aldiz eman zutenetik 30 urte beteko direnean, Tatsuya Nagamine zuzendariaren film berria euskaraz proiektatuko dute Hego Euskal Herriko hainbat zinema aretotan.
Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak bikoiztu du filma, baina planto egin dute. Izan ere, Dragoi Bolaren eta laster proiektatuko duten Lego 2 filmaren ondoren, haurrentzako film gehiago bikoizteari uko egin dio elkarteak. Euskal bikoizleen lana prekarizatu dela salatu dute elkarteko kideek, eta Eusko Jaurlaritzari lanaren baldintzak eta egonkortasuna hobetzeko eskatu diote. Jaurlaritzak, bere aldetik, ez du konponbide erraza ikusten. Beraz, Zinema Euskaraz programa arriskuan jartzen du egoera horrek, Eusko Jaurlaritzak programaren barruan haurrentzako hamabi film bikoizteko konpromisoa hartua du eta.