Otsailaren 10ean kenduko dute Alderdi Ederreko noria
Azaro amaieran Alderdi Ederren jarritako noria otsailaren 10ean kenduko dutela jakinarazi du gaur Ernesto Gasco alkateordeak, Txomineko eko-auzoa aurkezteko egin duen agerraldian. 50 metroko altuera duen noriak 36 gondola ditu eta bidaia bakoitzean 216 pertsona sartu daitezke.
Egun hauetan, herritar askoren jakin-mina piztu du noriaren gondolak kentzeko erabakiak, izan ere, askok, behin betiko desmuntatzen ari zirela pentsatu dute. Gascok argitu du zalantza gaur goizean: haizeteen ondorioz eta segurtasun arrazoiengatik kendu dituzte. Alkateordeak adierazi du igandera arte horrela mantenduko dutela noria, haizeteen arriskua desagertu arte, hain zuzen: “Helena izena jarri dioten denboralearen iragarpenen aurrean, herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea erabaki dugu, baina baretzen denean berriz jarriko dugu martxan”. Noria otsailaren 10era arte egongo da erabilgarri, eta hurrengo egunean, otsailaren 11n, hasiko dira desmuntatzen.