Txominenea hiriko lehen "ekoauzo adimentsua" bilakatu nahi dute
Morlansen behin behinean zeuden bizilagunak Txomineneara itzuli dira, eta auzo berriko lehen bizilagunak ere hasi dira etxe berrietan bizitzen. Horrekin batera, Txominenea ekoauzoaren District Heating energia ekoizteko zentroa martxan da joan den abuztutik, eta bizilagun berriak zentroak eskaintzen dituen aukerak erabiltzen hasi dira. Urteetan uholdeek zigortutako auzoa “Euskadiko smart garapen-zona garrantzitsuena” bilakatu nahi dute, eta asmo hori gauzatzeko garatzen ari diren planaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur Ernesto Gasco alkateordeak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak.
Txomineko ekoauzoa esperimentazioaren eta proiektu pilotuen gune bilakatu da, izan ere, Donostia Smart planaren estrategia eta proiektuak garatzen ari dira han. Ekoauzoa errealitate bihurtzeko antolatzen ari diren estrategiak honako neurriak hartzen ditu, besteak beste: ibilgailu elektrikoak, argiztapen adimentsua, berokuntza zentrala edo District Heating, lehengo etxebizitzen birgaitze energetikoak edo etxebizitza adimentsuak.
Gascok aurkeztutako datuen arabera, orain arte ia hamar milioi euro inbertitu dira Txominenean, eta jarduera berrietarako beste milioi bat euroko diru-zatia aurreikusten dela gaineratu du. Gogoratu du, halaber, proiektuak Arriolaren saileko bi milioi eurotik gorako laguntza ekonomikoa duela.
Txomineko hirigintza-garapenaren barnean, 1. fasean, oro har, 874 etxebizitza eraikitzea jasotzen da, erdia BOEkoak, eta gainerakoak prezio tasatukoak, prezio librekoak eta ostatu emateko erabiliko direnak. Gaurko aurkezpenean Distric Heating zentroaren alboan eraikitzen ari diren Passivhaur eraikin adimentsuaren berri eman du Gascok. Eraikin horretan Etxegintzak kudeatutako 162 BOE etxebizitza egongo dira, eta guztiak Passivhaur eraikin adimentsuaren proiektu pilotuaren barruan egongo dira.
Eraikin berriko etxebizitzen entrega ekainerako aurreikusita dagoela esan du alkateordeak. Eraikin adimentsuko etxebizitzen ezaugarri nagusia energiaren kontsumoa eta ekoizpenaren monitorizazioa da. Hau da, bizilagun bakoitzak, bere kontsumoa eta ekoizpena kudeatu eta kontsultatzeko aukera izango du, monitorizazioaren eta IKTen erabileraren bitartez. Horrez gain, Smart Building eraikin horrek argiztapen adimentsua eta ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izateko gailuak izango ditu, besteak beste
Mugikortasun iraunkorra da proiektuaren beste ardatz bat. Une honetan, Dbus-aren 26 linea konpainiak duen lehen linea elektrikoa da. Txomineko auzo berriak bi autobus elektrikoren eta bi autobus hibridoren zerbitzua du. Erabilera pribatuko ibilgailuei dagokionez, Gascok azaldu du Txomineko ekoauzoak kargagailu elektrikoak izango dituela, kalean zein eraikinen garajeetan. Car sharing eta moto sharing sistema jartzea, eta ibilgailu elektrikoen alokairua ahalbidetzea aurreikusten dute. Era berean, bizikleta elektrikoen dBizi geltokiak jartzeko asmoa dutela gaineratu du.
Gascok aurreratu du Txomineko ekoauzoan ezarriko den beste neurrietako bat 5G sistema izango dela. “Abiadura handiko komunikazio-sare horrek komunikatzeko abiadura handiagoa eta datuak transmititzeko gaitasun handiakoa eskainiko die bizilagunei zein auzoan kokatuta dauden enpresei. Hirian era horretako sistema hedatzen lehen auzoa izango da”, esan du alkateordeak. Gascoren iritziz auzo adimentsua eraikitzeko neurri garraintzitsua izango litzateke 5G sistemaren ezarketa, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzako beste sailekin lankidetza ezinbestekoa izango dela aitortu du.
Smart filosofia jarraitzen du ere auzoko kaleen argiztapen sistemak, izan ere, Txomin auzoak argiztapen publiko adimentsua izango du. Gaurz, argiek argi gehiago egingo dute pertsona bat igarotzen ari dela detektatzean, eta Gascoren esanetan, %78ra bitarteko aurrezpen energetikoak lortuko dira sistema horri esker.
Arriolak nabarmendu du Txomin zaharra eta Txomin berria integratzeko egin duten esfortzua. Horretarako, finkatutako hainbat etxebizitzen birgaitzea jarri dute martxan, aurretik eraikita zeuden etxebizitzak ekoauzoaren filosofian bateratzeko. Une honetan, 156 etxebizitza eta 36 lokal komertzial energetikoi birgaitzen ari dira Txomin auzoan. Estalkia eta fatxada isolatzen ari dira, leihoak aldatzen eta District Heating bero-sarearekin lotzeko hoditeriak prestatzen. Arriolak azaldu duenez, etxebizitzak berritzeko laguntzak eskaini zaizkie familiei. Familia batzuek gastuen %85a ordaindu ahal izan dute laguntza horiekin.
Txomineko bigarren fasea martxan jarriko dute behin espetxea lekuz aldatuta, eta horretan, beste 359 etxebizitza eraikiko dira. Beraz, guztira, Txomin auzo berrian 1.233 etxebizitza eta ekipamendu berri egongo dira.