Inor ez dela ilegala aldarrikatu dute
'Inor ez da ilegala' lelopean manifestazioa egin dute, migratzaileen eskubideen alde. Donostiako eta Donostialdeko hogeita hamar bat eragilek bat egin dute deialdiarekin.
Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak lelopean manifestazioa egin dute gaur goizean. Protesta Bulebarretik abiatu dute, 12:00etan eta Erdialdeko kaleetatik barrena jarritu dute. Migratzaileen eskubideen defentsan lanean ari diren Donostiako eta Donostialdeko hogeita hamar bat eragilek bat egin dute deialdiarekin, eta administrazioek migratzaileei “harrera duin bat eskaintzeko” eta “pertsona gisa dagozkien eskubideak errespetatzeko” ardura har dezaten eskatu dute.
Atxikimendua eman duten eragile guztiek lau printzipiorekin egin dute bat, Txantxafrikako Uxue Ruiz Romok adierazi duenez:
-
Inor ez da ilegala.
-
Hemen lan eta/edo bizi diren guztiek eskubide guztien jabe izan behar dute.
-
Harrera duin bat jasotzeko eskubidea dute gurera datozen migratzaile guztiek; are gehiago egoera zaurgarrian daudenek.
-
Erakundeei dagokie eskubide guztiak eta harrera duin bat bermatuko zaiela ziurtatzea.
Manifestaziorako idatzi duten komunikatuan, migratzaileek hirian jasaten duten egoera “prekarioa” azpimarratu nahi izan dute martxaren antolatzaileek: “Udaran zehar indarra hartu zuen gaiak, baina azken hilabeteetan isilpean pasatzen ari da. Halere, egoerak berean dirau. Donostiako kaleak, Tabakalera, Txantxarreka… bisitatu besterik ez dago migratzaileen egoera zein prekarioa den ikusteko”. Gainera, erakundeen “utzikeria” salatu dute, eta adierazi dute gaur egungo egoera urte luzez elikatutako “praktika eta diskurtso xenofobo, arrazista eta matxistak” eragindakoa dela.
Jarraian, manifestazioarekin bat egin duten eragileen zerrenda: Donostiako Bilgune Feminista, Askapena, Txantxafrika, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zergatik ez?, Donostiako Hiritarren Harrera Sarea, Ernai, Donostiako Asanblada Feminista, Sortu, Irutxuloko Hitza, Irungo Harrera Sarea, Donostiako gune autogestionatuak (Txantxarreka, Letaman, Kijera, Firestone), Antigua otarrak, Satorralaia, Mohara, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea eta Koordinadora, Sos Arrazakeria, EHBildu, Antiguotarrak euskal dantza, Txitxibitxiak, Peace-Tandem, Antiguako Jai Batzordea, Guneak zabaltzen, Hernaniko Harrera Sarea, Kolore guztiak, Kanika eta Laia abokatuak.