Kresalako inude eta artzainen jaia, iruditan
Euriari aurre egin eta Parte Zaharreko kaleak hartu dituzte beste behin Kresalako inude eta artzainen konpartsako dantzari eta kideek. Auzoko kaleak sekulako jai giroa piztu dute inude eta artzainen dantzek, eta Konstituzio plaza ere leporaino bete da. Parte Zaharreko kale estuetara sartu aurretik, Bulebarrean zehar ibili dira dantzan, eta ondoren, Santa Maria elizaren aurrean kantaldia egin dute. Inude eta artzainen jaiarentzat prestatutako dantzez gain, arin-arina eta fandangoa ere dantzatu dituzte.
Inude eta artzainekin batera, Kresalako danborrada ibili da danborra jo eta desfilatzen, Joselontxos txarangaren musikarekin. Konpartsaren hirugarren taldea osatu dute pertsonaia historikoz mozorrotutako lagunek. Denek batera, ohiko antzezpena egin dute Konstituzio plazan.