Mailuak astindu dituzte Parte Zaharrean
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak kantuz, doinuz eta zartagin hotsez bete zituen atzo gauean Parte Zaharreko kaleak. 19 tribuz osatutako konpartsak 21:30ean jarri zuen hitzordua, Fermin Kalbeton kalean, Lasala plazaren ondoan. Minutu batzuk geroago desfilea hasi zuten, Konstituzio plazara, kaldereroen kanpamendura, hain zuzen. Han urtero bezala, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako banda ikasleak zain zeuzkaten, kaldereroen ahotsak musika instrumentuekin laguntzeko. Halaber, zaldi gainean plazaren inguruan zebiltzan kaldereroek ere harrera egin zieten gainerako kideei. Musikaz gain, dantzak ere izan zuen bere tokia ospakizunean, eta Kresala dantza taldeko hainbat kidek dantzaldia egin zuten, plazaren erdian kokatutako eszenatokian.
Konpartsaren buru Hondarribiko Alarde mistoko Jaizkibel konpainiako kideak izan dira aurten. Erregina Asier Garaialde Etxaburu izan da, eta haren Damak, aldiz, Izaskun Larruskain Arbelaitz eta Miren Sagarzazu Gonzalez. Jaizkibel konpainiako kideek Konstituzio plazako liburutegiko balkoitik agurtu zituzten kaldereroak. Umorezko hitzez bete zuten plaza, izan ere, Donostiako herritarrei zuzendu beharrean, Iruñeako San Fermin jaien hasierako hitzekin hasi zuten diskurtsoa: “Iruindarrok: oso pozik gaude hiri ezagun honetan egoteagatik!”. Era berean, jai parekideak aldarrikapen nagusia izan ziren atzoko ospakizunean, eta “Gora Jaizkibel!” oihuen artean euriari eta haizeari aurre egin zieten beste behin Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko kideek.