Dispersioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Dispertsioa salatzeko elkarretaratzea deitu du Etxerat elkarteak Donostiako udaletxe ondoan, asteazkenean, otsailaren 6an.
Dispertsioa salatzeko elkarretaratzea deitu du Etxerat elkarteak Donostiako udaletxe ondoan, asteazkenean, otsailaren 6an. Izan ere, bi izan dira asteburu honetan euskal presoen dispertsio politikak eragindako kotxe istripuak, elkarteak salatu duenez.
Lehen istripua larunbatean jazo zen, arratsaldeko 16:30etan Pancorbo (Burgos) inguruan. Herrera de la Mancha (Manzanares, Gaztela-Mantxa) espetxean preso dagoen Jon Mirena San Pedro Blanco euskal preso bilbotarraren bi lagunek bisita egin ostean izan zuten istripua, haien aurrean zihoazen bi kotxeek elurra dela eta irrist egin, eta presoaren lagunek haiekin talka egin ondoren. Bi lagunak onik atera ziren, baina taxian itzuli behar izan zuten etxera, haien kotxearen egoera txarra zela eta.
Bigarren istripua, ordea, igande goizean gertatu zen, 10:30ak aldera, Pontevedrako Curtis espetxean dagoen Luis Mariñelarena preso etxarriarraren bi lagunen kotxeak Kantabria inguruan kazkabarra hasi zenean irrist egin ondoren. Bi lagunen kotxeak beste kotxe bat kolpatu zuen, ondoren hesiaren kontra joateko. Istripuan inplikatutako pertsona guztiak onik atera ziren, eta euskal presoaren lagunek bidaia jarraitu ahal izan zuten.
Dispertsio politikak eragindako urteko laugarren istripua dela salatu du Etxerat elkarteak eta, Donostiakoaz gain, elkarretaratzeak deitu ditu Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Deustun eta Etxarri Aranatzen.