Realak etxean eta Sevillaren aurka jokatuko du kopako finalerdia
Kanporaketa datorren asteko asteburuan izango da. Beste finalerdia Atletico Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute

Eguerdian Granadan eginiko zozketan, Realari Sevilla egokitu zaio kopako finalerdiko aurkari gisa. Talde andaluziarra liga txapelketako azken sailkatua da, eta asteburuan donostiarren aurka 0-2 galtzetik dator. Gainera, partida bakarrekoa izango den kanporaketa etxean jokatuko dute donostiarrek.
Norgehiagoka datorren asteko asteburuan jokatuko dute, eta Reala sasoi ezin hobean iritsiko da bertara. Izan ere, jokatu dituen azken zortzi partidetan sei garaipen eta bi berdinketa lortu dituzte donostiarrek.
Kopako beste finalerdia Atletico Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute; ligako lehen eta bigarren sailkatuek, alegia.