Urban Femme jaialdiaren lehen geltokia izango da Donostia
Martxoaren 16an egingo dute Urban Femme jaialdia Intxaurrondo kultur etxean, 19:00etan. Lau emakume musikari ariko dira zuzenean: La Basu, Anier, La Furia eta Audry Funk. Jaialdi bat baino gehiago mugimendu bat izateko sortu dute Urban Femme, eta emakume musikarien ikusgarritasuna du helburu.
La Basu aitzindari eta erreferentea da kaleko musika eszenan. Besteak beste, Fermin Muguruza, Bad Sound System eta Enkore taldeekin kolaboratu du, eta gonbidatu gisara aritu da rap eszenan. Anier, aldiz, Bartzelonako abeslari gaztea da. Rap musikari haize berria ekarri diola diote. La Furia dagoeneko ezaguna da, bere rap feministarekin. Azkenik, Audry Funk mexikarrak hip hop eraldatzailea jorratzen du. Alika, Mala Rodriguez eta Violadores del Versorekin aritu izan da zuzenean.
Urban Femme mugimenduaren asmoa da ibilbide bat izatea Euskal Herriko espazio eta hirietan. Musika jaialdiekin ez ezik, ikastaroekin eta hitzaldiekin. Donostiakoa izango da lehen geltokia.