Bi ertzainek Argia salatu dute hizkuntza eskubideen urraketaren berri emateagatik
Ertzainek salaketa jarri diote Argia-ko Lander Arbelaitz kazetariari Borroka Sozialen Astean poliziek eginiko hizkuntza eskubideen urraketari buruz informatzeagatik. Ertzainen aurkako "irainak" leporatzen dizkiote, eta martxoaren 20an deklaratu beharko du epailearen aurrean.
Argia-k jakinarazi duenez, bi ertzainek salaketa jarri dute Lander Arbelaitz kazetariaren aurka Borroka Sozialen Astean poliziek eginiko hizkuntza eskubideen urraketaren berri emateagatik. “Irainak” egotzita, bide penaletik salaketa jarri diote Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian, eta martxoaren 20an deklaratu beharko du epailearen aurrean.
Ertzaintzak auzitara eramango duen gertakaria maiatzaren 21ean jazo zen. Ernaik jazarpen poliziala salatzeko eginiko prentsaurreko baten ostean, ertzainen patruila bat agertu zen eta ekitaldiaren antolatzaileak identifikatu zituen. Ondoren, poliziek identifikazioak grabatzen hasi ziren kazetari eta herritarrei eskatu zieten nortasun agiria eta, azkenik, inguruan zegoen Ernaiko kide bat identifikatu zuten honek euskaraz hitz egiteko eskatu zielako. Hainbat hedabidek, IRUTXULOKO HITZA tarteko, gertatutakoaren berri eman zuten Argia-rekin batera. Tokiko hedabideak gaztearen eta ertzainen arteko elkarrizketa bideo batean jaso zuen:
Hilabete batzuk igarota, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herritarraren hizkuntza eskubideak urratu zirela aitortu eta barkamena eskatu zuen poliziek izandako jarreragatik. Aurreko astean, ordea, bideoan ageri den gazteari Mozal Legea aplikatu eta 600 euroko isuna jarri diotela jakinarazi zuen Ernaik. Nortasun agiria euskaraz eskatu ziezaiotela eskatzeagatik, bere “identifikazioa oztopatzea” leporatzen dio orain Ertzaintzak. Horrez gain, prentsaurrekoan hitza hartu zuen pertsonetako bati ere Mozal Legea aplikatu dio poliziak.
Ertzaintzak kasu honetan agertutako kontraesanen harira, jarraian ageri den hausnarketa egin du Argia-k:
– Ertzaintzak ofizialki barkamena eskatu zuen uztailean hizkuntza eskubideak ez errespetatzeagatik. Halere, ARGIA salatu duten bi ertzainek ukatu dute haiek barkamena eskatu izana.
– Ertzaintzak hizkuntza eskubideak urratu dituela aitortu arren, gertaera dokumentatu zuen kazetariaren aurkako salaketa jarri dute eta hizkuntza eskubideak urratu zizkioten pertsona isundu egin dute, Mozal Legea erabiliz.
– Euskaraz hitz egiteagatik eta euskarazko harremana eskatzeagatik funtzionario publikoekin izandako tira-bira baten ondorioa da bere isuna eta ARGIAren aurkako salaketa. Ertzaintzak dio prentsaurrekoaren arduradunak identifikatzen ari zirela. Horiek hasieratik identifikatuta zituzten, bideoan ikusten denez. Mozal Legeaz zigortu duten pertsonaren identifikazioa gatazka linguistiko baten ostean gertatu zen, orain “ertzainen lana oztopatzen” ari zela argudiatzen badute ere. Ertzainek haien aurkako irainak aipatzen dituzte, baina une horretan kazetaria begi aurrean zuen egoeraren interpretazioa besterik ez da. Hizkuntza gatazka baten ondorio dela identifikazioa interpretatzea guztiz zentzuduna da, eta bideoa da horren froga nagusia.
Eguneroko bizitzan horrelako hizkuntza eskubide urraketak euskaldunei sarri gertatu arren, ia sekula ez dira dokumentatuta geratzen. Eta hortaz, oso gutxi dira salatzen direnak, eta are gutxiago, instituzio batek barkamena eskatzea lortzen dutenak. Horregatik da garrantzitsua interes publikoa duen bideo hau argitaratzea.