Beltzak eta zuriak Hegoalde Sakonetik
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria
GREEN BOOK
Zuzendaria: Peter Farrelly
Urtea: 2018
Herrialdea: AEBak
Peter eta Bob Farrelly anaien zinea umore eskatologikoz eta zikinaz egina da, eta horren eredu dira orain arte elkarrekin zuzendu dituzten hamabi film luzeak: Dumb & Dumber (1994), There’s Something About Mary (1998), Me, Myself & Irene (2000), Shallow Hall (2001) eta The Three Stooges (2012), besteak beste. Ez naiz Farrellytarren jarraitzaile sutsua, eta bere lan berri baten aurrean zuhurkeriaz jokatu ohi dut.
Green Book filmaz zerbait entzun nuenean, gaiak erakarri ninduen: 60ko hamarkadaren hasieran Don Shirley piano-jole bikainak AEBetako Hegoalde Sakonetik (Deep South) bira artistiko bat egiteko New Yorkeko gidari eta bizkarzain den Tony Lip kontratatuko du, beltzek hegoaldeko estatuetan zituzten ezintasunen jakitun. Bidaia horretan estatu desberdinetan The Negro Motorist Green Book delako gidak proposatzen dizkien beltzentzako leku apropos eta seguruenetan hartuko dute ostatu.
Beste film bat segregazioaren inguruan? Eta 60ko hamarkadan kokatua? Gaia ez zen originalegia, onartzen dut, baina egia esateko, jakin-mina sortu zidan. Hala ere, zuzendariaren izena (gidoilari eta ekoizle ere da oraingoan) jakin nuenean, berriz ere zuhurkeria eta susmo txarra hortxe agertu ziren. Peter Farrelly da Green Book filmaren egilea (oraingoan Bob gabe), eta honek filma aurreiritziz ikustea eraman ninduen. Alabaina, askotan gertatzen zaigun bezala, usteak erdi ustel. Ez nuen Farrellyrengan itxaropen askorik, baina komedia eskatologikotik aldendu daitekeela frogatu du. Hollywoodeko Akademiak horrela ikusi du ere, bost izendapen jaso baititu aurtengo Oscar sarietarako (besteak beste film, aktore eta taldeko aktore onenari).
Arraza segregazioari buruzko filmak ez dira gutxi, eta ia azpigenero dramatiko-historiko bihurtu dela esan genezake. Besteak beste, hauek: To Kill A Mockingbird (Robert Mulligan, 1962), In the Heat of the Night (Norman Jewison, 1967), Guess Who’s Coming to Dinner (Stanley Kramer, 1967), Mississippi Burning (Alan Parker, 1988), Malcolm X (Spike Lee, 1992), Ghosts of Mississippi (Rob Reiner, 1996), The Help (Tate Taylor, 2011), 12 Years a Slave (Steve McQueen, 2013), Selma (Ava DuVernay, 2014), Hidden Figures (Theodore Melfi, 2016), Loving (Jeff Nichols, 2016)… Afroamerikarren historia denbora askoan Hollywooden isildua izan ostean, ezagutzera ematen ari dira azken urteetan, eta Green Book beste adibide bat izango litzateke zerrendan. Bitxikeria modura, aurtengo Oscar sarietan film onenaren saria jaso dezaketen zortzi filmeen artean, gai «beltza» dutenak hiru dira (beste biak BlacKkKlansman eta Black Panther).
Green Book filma road movie gisa ikusi daiteke, baita adiskidetasun berezi baten sorreraren istorio gisa ere. Protagonisten bidaia topikoz eta klixez beteta dago, eta nolabait lehenago ikusi dugun zerbait dela dirudi. Gertatzen denak ez ditu ikusleak harrituko (ez dut uste hori denik filmaren asmoa), baina zerk erakarri gaitzake orduan Green Book bezalako film batetik? Zalantzarik gabe, bi aktore protagonistak.
Viggo Mortensenek eta Mahershala Alik bikainki haragitzen dituzte Tony Lip eta Don Shirley, hurrenez hurren. Mortensenek egin duen ahalegina aipatzekoa da, fisikoki asko gizendu baita eta batez ere lortu duen hitz egiteko eta ibiltzeko moduek italoamerikarraren tankera sinesgarria ematen diote. Eta Alik dotoretasunez osatu du bere pertsonaia, ez dakit pianoa jotzen dakien edo ez, baina bere behatzek zer egiten duten badakitela dirudi.
Bukatzeko, azken abisua: inork Green Book filmean segregazioari buruzko kritika sakon eta gordin bat espero badu, buruhandi geldituko da, Peter Farrellyren lanak ez duelako distira askorik egiten. Dena den, noizean behin hemen esan ohi dugun bezala, atseginez ikusi daitekeen zerbaitek ez du mintzen, eta Green Book filmak egia esateko, ez du inolaz ere minik ematen.