Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote Kote Cabezudori
Modeloei sexu abusuak egitea leporatuta jarritako salaketengatik ari dira ikertzen argazkilaria.
Kote Cabezudo argazkilariari lehen zigorra ezarri diote. Modeloei sexu abusuak egitea leporatuta jarritako salaketengatik ari dira ikertzen, eta auzibidea hamazazpi piezatan dago banatuta. Horietako bati dagokio ezarritakoak: bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, 5.040 euroko isuna, eta biktimari 8.000 euro eman beharko dizkio eragindako kalteengatik.
Maiatzetik Martuteneko kartzelan dago Cabezudo behin behinean preso. Urtarrilean epaitu zuten Donostiako Epaitegiko Zigor alorreko laugarren aretoan. Beste auzietan lekuko gisara deklaratzera joan zen emakume baten argazkiak Interneten jartzeagatik auzipetu zuten. Neska biluzik azaltzen zen irudi horietan, eta horien bidez hura estutu nahi izatea egotzi zioten Cabezudori.
Epaimahaiak aintzat hartu du hori: hertsatze delitu bat leporatu dio, eta justiziaren lana oztopatzea. Intimitatearen aurkako delitu bat ere leporatzen zion akusazio partikularrak, baina epaimahaiak absolbitu egin du delitu horretatik.