Ernaik eta EHEk Antiguako ertzain-etxean elkarretaratzera deitu dute "hizkuntza-eskubideen aurkako erasoa" salatzeko
Elkarretaratzea 19:00etan egingo dute, 'Euskaraz bizitzera goaz! Euskaldunoi erasorik ez!' lelopean.
Ernaik eta Euskal Herrian Euskaraz!-ek (EHE) elkarretaratzea egingo dute ostiralean Antiguako ertzain-etxearen aurrean poliziak Mozal Legearen bidez Ernaiko kide bati jarritako isuna salatzeko. Eneka Alvarezek, isuna jaso duen gazte antolakundeko kideak, identifikazio bat oztopatu zuela dioen bertsio poliziala ukatu du, eta bere hizkuntza-eskubideak urratuak izan zirela berretsi du gaur eskainitako prentsaurrekoan: “Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen jada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket”. Hori dela eta, isuna ez ordaintzeko eta errekurtso bat jartzeko erabakia hartu duela adierazi du Alvarezek.
Prentsaurrekoan, Ernaiko beste ordezkari batek adierazi du gertaturikoak hainbat arduradun politikoren “hipokresia” agerian utzi duela: “Instituzioetatik bideratzen diren hizkuntz-politika antzuen ondorioz, gaur gaurkoz ezinezkoa da Euskal Herrian Euskaraz bizitzea”.
Era berean, bi ertzainen salaketa jaso duen Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari elkartasuna adierazi dio Ernaik. Maiatzeko gertakariaren berri ematerakoan polizien aurkako “irainak” zabaldu izana egozten diote kazetariari. Horren harira, gazte antolakundeko ordezkariak hurrengoa azaldu du: “Gertaera honek argi erakusten du euskaldunok Euskal Herrian Euskaraz bizitzea batzuentzat erasoa dela, eta euskaraz hitz egite soila desobedientzia ekintza bihurtu dutela, […] oraingoan urraketa grabatua eta sare sozialetan zabaldua izan da, baina hau ere ez da doan ateratzen, kazetaria salatu eta epaiketa egingo baitiote”.
EHEk, bere aldetik, gertakarien larritasuna azpimarratu du, “ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainak direlako herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak”. Horregatik, eta halakorik ez errepikatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzari neurriak exijitu dizkiote: “Behingoz administrazioko langile guztiak euskaldundu behar dira, ez soilik herritarrekin harreman publikoa dutenak, baita gainerako langile publiko guztiak ere”. Plataformaren ustetan, administrazio publiko osoa euskalduntzen ez den bitartean, hizkuntza-eskubideen aurkako erasoak etengabeak izango dira.