Greba feminista prestatzeko bilerak egingo dituzte auzoetan
Euskal Herriko mugimendu feminista buru-belarri dabil martxoaren 8ko greba feminista prestatzen. Donostiako auzoetan ere bilerak egiten hasi dira.
Martxoaren 8an 24 orduko greba feminista deituko du Euskal Herriko mugimendu feministak, eta Donostian hilabeteak daramatzate grebarako prestatzeko bilera irekiak egiten. Donostiako Asanblada Feministako kideek jakinarazi dutenez, Donostian “zaintza gatazka” lehen lerroan jarri nahi dute. Maila nazionalean adostutako ildoari jarraituz, esparru anitzetako emakumeekin lanean ari dira, eta emakume migratzaileen errealitatea nabarmendu nahi dute. Hiriko emakume migratzaileen elkarteak eta hiriko mugimendu feminista batera ari dira lanean, eta aurten, auzoetako mobilizazioak indartuko dituzte.
Joan den otsailaren 1ean, grebaren aurkezpena egin zuten Altzan, Herrera kultur etxean. Halaber, datozen egunetan hainbat auzotan egingo dituzte bilerak, greba feministak leku bakoitzean izango duen forma zehazteko.
Egiako bigarren asanblada egingo dute gaur, otsailaren 6an, Egiako kultur etxean, 19:30ean. Grosen, asanblada irekia egingo dute larunbatean, otsailaren 9an, auzo elkartean (Nafarroa behera plaza, 6 behea), 10:00etan. Altzan, aldiz, “trikimartxa aldarrikatzailea” egingo dute otsailaren 16an. San Luis Gonzaga plazatik aterako dira, 11:00etan.
Era berean, Donostia mailako prestaketarekin jarraitzeko, asanblada egingo dute bihar, otsailaren 7an, Emakumeen Etxean. Jakinarazi dutenez, bileraren ordua ordu erdi bat aurreratu dute, 18:00etara, Txitxibitxiak Antiguako talde feministak jaietan gertatu diren eraso sexistak salatzeko deitu duen elkarretaratzera joatearekin bateragarria izateko.
Atxikimenduak
Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8ko greba feministaren atxikimendu kanpainari hasiera eman dio. Herritarrak animatu dituzte atxikimendua emateko argazki bat ateratzera, eta ondoren horiek sareetara igotzera, @M8EuskalHerria (Twitter eta Facebook) eta @m8_grebafeminista (Instagram) kontuak etiketatuz, eta #FeministokPlanto traola erabiliz.