Illunbe berritzearen aldekoak dira jeltzaleak
Zorroagako Multiarena proiektuaren ordez, Illunbe berritzearen aldekoa da Donostiako EAJren udal taldea. Ernesto Gasco alkateordeak eta Denis Itxaso Kiroletako diputatuak aurkeztu duten proposamenarekin ez dute bat egiten jeltzaleek. Hain zuzen ere, Itxasori eskatu diote Kirol sailetik dirua bideratzeko Illunbe berritu eta egokitu ahal izateko.
Erabilera anitzeko pabiloia Illunbe izatea hobesten du EAJk. “Kirol eta kultura jarduerak aurrera eramateko gunea izatea nahi dugu. Izan ere, hiriak emakumezko zein gizonezko kirol taldeentzako pabiloi apropos bat behar du”. Horrekin batera, jeltzaleek azpimarratu dute udaleko Kirol saila proiektu bat idazten ari dela Illunberen erabilera egokitzeko.
Illunbek galera ekonomiko garrantzitsua eragiten dio udalari. Horregatik, eremua egokitu eta errentagarritasuna lortzea da aukerarik onena EAJrentzat. “Itxasoren proposamena serioa izatea espero dugu, eta aldunditik ekonomikoki inplikatzeko asmoa izatea. Bestela, aurkeztu duten proiektua hauteskundeei begirakoa dela pentsatuko dugu”.