Txillardegiri omenaldia egingo diote larunbatean Musikenen
Euskal Herriko Unibertsitateak, Korrikak eta Jakinek Txillardegi omenduko dute larunbatean, otsailaren 9an, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian, idazleak gustuko zituen piano piezekin lagunduta. Gainera, Kote Camachoren Txillardegiren KLIKA film laburra proiektatuko dute omenaldian bertan.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Korrikak eta Jakinek Txillardegi omenduko dute larunbatean, otsailaren 9an, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian, idazleak gustuko zituen piano piezekin lagunduta. Gainera, Kote Camachoren Txillardegiren KLIKA film laburra proiektatuko dute omenaldian bertan.
Asier Amondo Korrikako arduradunak azaldu duenez, larunbateko omenaldia Txillardegik euskararekin zuen loturarengatik egingo diote, eta ‘klika’ hiru aldiz egin zuela nabarmendu du; lehenik gaztelaniatik euskarara pasa zenean, ondoren literatura modernoari ekarpenekin eta azkenik euskara batuari egin zizkion ekarpenekin.
Film laburraren zuzendari Kote Camachok azaldu du Txillardegiren “hurbileko” irudi bat transmititu nahi izan duela dokumentalean, askotan ematen zaion “irudi jainkotutik” aldentzeko. Gainera, AEK-k Txillardegiri aspaldi egindako elkarrizketa baten grabazioa erabili duela azpimarratu du.
Omenaldiaz eta film laburraz gain, lau liburuz osatutako bilduma ere aurkeztu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Txillardegiren idatziak biltzen dituzten hiru liburu dira, bata hizkuntzaren filosofiaren inguruan zituen idatziekin, bestea nazio auziaren ingurukoekin eta bestea euskara batuaren ingurukoekin. Laugarren liburua, ordea, Miren Rubio kazetariak idatzitako biografia da, autoreak azaldu duenez Txillardegiren ibilbidearen “argazki bat” egiteko asmoa duena. Hainbat arlotan “aitzindari” izan zela gehitu du Rubiok, eta beti euskaldunen “adostasunean” tematu zela. Bildumaren harira, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak adierazi du bildumara beste hiru liburu gehitzeko asmoa dutela, eta baita beste hainbat autoreren antzeko antologiak argitaratzekoa ere.
Jakinek beti Txillardegirekin “obsesioa” izan duela esan du Agirrek, haren idatzi guztiak (guztira, 1634) digitalizatu dituztela gehituz. Bestalde, Txillardegi “deskubritu” egin behar dela adierazi du Jakineko zuzendariak, “hizkuntzaren gainean desobedientzia” ekarri zuelako.
Hona larunbateko omenaldian proiektatuko den Txillardegiren KLIKA filmaren trailerra: