GEDek manifestazioa egingo du otsailaren 17an, auzipetu katalanak babesteko

Gure Esku Dagok manifestazioa egingo du Donostian, otsailaren 17an. Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa salatzeko martxa izango da. Hain zuzen, hurrengo asteartean hasiko da Madrilen epaiketa.
Berria egunkariak agerraldiaren laburpena jaso du bideo batean.
Ordezkaritza bat bidaliko dute Espainiako hiriburura, eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte. “Preso politikoei babesa adierazteko eta bidegabekeria honen aurkako konpromisoa adierazteko”, esan du Jone Amonarriz GEDeko komunikazio arduradunak. Manifestazioa ez ezik, datorren asteartean elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa Bulebarrean izango da, 19:00etan.
Hilaren 17ko manifestazioa, berriz, Katalunia plazatik abiatuko da, 12:00etan. Herritarrei parte hartzera deitu diete eta elementu horiak eramateko soinean. “Elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak”. Uste dute “ezinbestekoa” dela “Euskal Herritik erantzun zabala ematea demokraziaren aurkako epaiketa honi”.
Espainiako Auzitegi Gorenean “erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu” nahi dutela azpimarratu du Amonarrizek. “Prozesu judizial honek oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta, beraz, guztion eskubide zibil eta politikoak daude jokoan”.
Horrez gain, GEDek galdeketen zikloa ixteko ekitaldia egingo du Tolosan. Etapa berri baten abiapuntua martxoan egingo duten ekitaldi bat izango dela aurreratu dute. Martxoan izango da Bilbon.