Txikijazz Big Band taldeko kide izateko izen-ematea ireki dute

Martxoak 10 arte egongo da irekita 7. Txikijazz jaialdiko Txikijazz Big Band taldeko kide izateko izen-emate epea, eta parte hartu nahi dutenek Txikijazz jaialdiaren webgunearen bitartez eman beharko dute izena.
10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago deialdia, beti ere instrumentu baten ezagutza dutenei. Kontrabaxuari, baxu elektrikoari eta saxofoi baritonoari dagokienez, 10 eta 18 urte bitartekoek ahalko dute parte hartu. Taldea osatuko duten gaztetxoak hautatzeko entzunadiak egingo ditu antolakuntzak, eta behin taldea osatuta, entseguak egiten hasiko dira. Entsegu horietan big band jazz estiloko prestakuntza jasoko dute taldekideek, eta uztailaren 27an zuzeneko kontzertu bat emango dute.