"Belaunaldi berriei itsasoarekiko sentimendua transmititu nahi diegu"
2016an estreinatu zen Junkal Lertxundi idazle gisa, bere anaia Xabierren idatzietan oinarritutako 'Mustafa-Megobari. Kaukaso-Kurdistan bizikletaz' liburuarekin. IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketa egin zion orduan, eta idazten jarraitzeko gogoa zuela aitortu zuen. Orain, bi urte pasa ondoren, 'Itsas Kulunka haurrentzako album ilustratua egin du Ainhoa Aranburu ilustratzailearekin batera.
Nondik atera duzue albuma?
Junkal Lertxundi: Gu biak donostiarrak gara, eta Donostia beti itsasoari oso lotuta egon den hiria izan da. Baina arrantzale batekin harremanetan jarri arte ez duzu benetan itsasoa zer den ulertzen eta itsasoak sorrarazten dituen sentimenduak jasotzen. Nire gizona arrantzalea izan zen gaztetan, eta horretaz kutsatuta, istoria idazteko beharra sentitu nuen. Gurea asmatutako ipuina bada ere, arrantzaleen bizipenetan oinarritutako istorio bat da. Izan ere, ipuinean esaten dugun bezala, arrantzalea izatea ez da lanbide bat, ia-ia sentimendu bat da.
Ainhoa Aranburu: Biak irakasleak gara, eta horrela jarri ginen harremanetan. Berak ipuina idatzi zuen, eta ilustratzaile bat behar zuela esan zidan.Argi nuen itsasoak hartu behar zuela garrantzia handiena, horregatik, itsasoa azaltzen da denbora guztian. Beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira; Klara haurra, esaterako. Honi kolore aldetik garrantzia ematen saiatu nintzen, haur berezia delako, enpatia eta pazientzia duena. Beste guztiak, aitona eta azaltzen diren beste haur pare bat zuri-beltzean azaltzen dira. Azkenean, hiru koloretan dago guztia marraztuta.
Hasieratik potentziala ikusi zenion Junkalen istorioari?
A.A.: Hasieratik asko gustatu zitzaidan istorioa, sentiarazten zizun istorio bat zela iruditu zitzaidan. Egin nuen lehenengo gauza, gainera, etxera joan eta nire alabei kontatzea izan zen, eta beraiek ere gauza bera esan zidaten. Hortik aurrera, ipuinaren nire interpretazioa sartu zen jokoan.
Oraingoan zure anaia Xabierren figuratik aldendu zara.
J.L.: Nire aurreko liburua nire anaiaren idatzietan oinarritutakoa izan zen, baina hau nirea da. Liburu horrek nolabait baimena eman zidan idazle izateko, eta izan zuen harrera ona ikusita ausartu naiz guztiz nirea –nirea eta Ainhoarena– den zerbait egitera.
Zein da albumaren helburua?
J.L.: Momentu honetan Donostiako Kaiak eraldaketa bizi du.Aarrantza kaia izatetik gehiago turismoari begirako zerbait izatera. Horregatik, aurretik bertan arrantzan ibilitakoei omenalditxo bat egin nahi izan diegu. Aldi berean, belaunaldi berriei itsasoarekiko sentimendua transmititu nahi diegu, eta ez dadila galdu gure hirian hain errotuta egon den sentimendua. Beraz, ipuina nahiko xumea baina samurra dela iruditzen zaigu. Gainera, gure inguruan frogak egin ditugunean ere ikusi dugu hunkitu egiten duela, eta hori bilatzen genuen.
Zer deritzozue Donostiako Kaiak bizi duen eraldaketari?
J.L.: Arrantzari hain lotuak ez gaudenak ez gara guztiz jabetzen aldaketaz, baina nik nire gizonarengatik dakit itsasoa bizi izan dutenek pena handiz bizi dutela eraldaketa, itsasmina dutelako. Nostalgiaz bizi dute eraldaketa hori.
Nolakoa izan da zuen arteko lankidetza?
A.A.: Egin nuen lehenengo gauza txalupa motordun batean arrantzale batekin joatea izan zen. Pasaiatik Santa Klara irlara joan ginen, istorioa ibilbide horretan kokatuta baitago. Beraz, egun horretan ipuineko arrantzaleak egiten duena egin nuen: arrantzalearekin joan nintzen, itsas kulunka zer den ikasi nuen eta txipiroiak nola harrapatzen diren ikasi nuen. Esperientzia hori bizitzera joan nintzen argazki kamera batekin, eta oso polita izan zen.
J.L.: Behin testua genuela, marrazkiekin hasi aurretik, testua zatikatu behar izan genuen: zenbat orrialde emango genizkion, bakoitzean zer sartu, zer tamainakoa egingo genuen… Benetan zer proiektu nahi genuen pentsatu behar izan genuen, albumeko guztiak bere zentzua du eta. Horrek bilera asko eraman zituen.
Lortuko duzue itsasoarekiko sentimendua gazteengan indartzea?
A.A.: Behintzat irakurri dezatela, eta sentimendu hori jaso dezatela, hortik aurrera, ikusiko dugu zer gertatzen den.
J.L.: Azkenean ondar ale txiki bat da, baina oso pozik gaude. Gainera, momentuz oso pertsona gutxik ikusi dute, baina badakigu ikusi dutenak hunkitu egin direla.
Zer harrera espero duzue?
A.A.: Harrera ona espero dugu, ilusio eta emozio handiarekin egindako lana delako.
J.L.: Bihotzez egindako lana da eta irakurri duten gutxi horiek esan digute lortu dugula sentitzen genuena transmititzea. Umeekin ere proba txiki bat egin genuen astelehenean. Izan ere, 7-8 urteko umeekin egiten dut lan ikastolan, eta esan nien, «zuek zarete hau ikusiko duzuen munduko lehenengo umeak». Irakurri eta ikusi zutenean isiltasuna sortu zen, haien aurpegietan magia hori sentitu ahal izan nuen. Agian beraien irakaslea naizelako izan zen [barrez].
Idazten eta ilustratzen jarraituko duzue?
A.A.: Espero dugu hau amaitzea eta beste proiektu batzuk ateratzea, bai. Oso positiboa eta polita izan baita proiektu honen esperientzia.
J.L.: Asko ikasi dugu proiektu honekin. Ez sormenetik bakarrik, baizik eta atzetik dauden gauza guztietatik ere. Hori polita izan da, neketsua batzuetan, baina gauza asko ikasi ditugu bidean eta oso abentura polita izan da. Guk gure lanbideak ditugu, eta ikusi dugu honetaz bakarrik bizitzea oso zaila izan behar dela.