"Jasan ditugun erasoek dimentsio handia hartu dute, baina zoritxarrez ez dira kasu isolatuak"
Ernaik eta Euskal Herrian Euskaraz!-ek ostiralean 19:00etan Antiguako ertzain-etxean elkarretaratzera deitu dute "hizkuntza-eskubideen aurkako erasoa" salatzeko.
Maiatzean, Donostiako Ernaik jazarpen poliziala salatzeko eginiko ekitaldi batean, Ertzaintzak gazte antolakundeko kide bat identifikatu zuen honek poliziei euskaraz hitz egiteko eskatu zielako. Hilabete batzuk igarota, Segurtasun Sailak barkamena eskatu zion Eneka Alvarezi (Donostia, 1994), bere hizkuntza-eskubideak urratuak izan zirela onartu ostean. Orain, ordea, Mozal Legea aplikatu diote eta 600 euroko isuna jaso du. Gainera, poliziek izandako jarrera bideoan grabatu zuen Lander Arbelaitz (Donostia, 1985) Argia-ko kazetaria salatu eta epaitegira bidaliko dute bi ertzainek.
Zuen hitzetan, nola kontatuko zenukete egun hartan gertatutakoa?
Lander Arbelaitz (L.A.): Kazetariak Ernairen agerraldia kubritzera joan ginen hara. Egia da prentsaurreko hura, Bizitza Da Handiena-ko ekimen guztiak bezala, baimenik gabe egin zela. Bat-batean, kaletik zihoan ertzain patruila batek ekitaldia ikusi zuen eta gerturatu egin zen. Agerraldia amaitzerakoan, hitza hartu zuten gazteak identifikatzera joan ziren, eta inguruan geunden kazetari gutxiak eta herritar batzuk eszena grabatzen hasi ginen.
Hor jarri zen martxan gurpil-zoroa, izan ere, grabatzen ari ginenak identifikatzeari ekin zion poliziak, eta noski, are jende gehiago hasi zen grabatzen. Ni nahiko nazkatuta nago gai honekin, azkenaldian beti errepikatzen den zerbait delako. Grabatzen hasten den kazetariari ez diote lasai lan egiten uzten, eta jendea beldurtzea bilatzen dute.
Azkenean, ezerezetik, gero eta istilu handiagoa sortzen joan ziren, eta jende pila bat identifikatu zuten. Agerraldia bost minutukoa izan zen, baina ertzainen operazioak 20 minutu baino gehiago iraun zituen.
Eneka Alvarez (E.A.): Nortasun agiriak bueltatzen hasi zirenean eman zen ertzainaren eta nire arteko talka. Kordoiaren beste aldera hainbat lagun ari ginen begira eta, halako batean, euskararekiko gutxiespen bat entzun nion ertzainetako bati. Nik, esandako gauza bera errespetuz esan zezakeela erantzun nion orduan eta, horren harira, bideoan ageri den talka hasi zen. Irudietan ikusi daitekeen bezala, niri identifikazioa eskatzen didatenerako beste pertsona batzuk jada identifikatuta daude.
Zein izan zen poliziari entzun zenion gutxiespen hori?
E.A.: Identifikatu zutenean, gazteetako bat euskaraz zuzendu zitzaion ertzainari. Honek, berriz, gaztelaniaz erantzun zion bost axola ziola zer zioen, ulertzen ez ziolako. Nik gutxiespen hori sobera egon zela erantzun nion, besterik gabe.
L.A.: Ni berriz grabatzen hasi nintzen orduan. Egia da ere ni, euskaldun bezala, haserre nengoela, eta bideoan nire hitzak entzuten dira, gertatutakoa eskubideen urraketa bat iruditu zitzaidalako.
Gogoratzen dut ondoren ertzain batekin eztabaida bat izan nuela, grabatzeko eskubiderik ez genuela esan zigulako. Nik hori gezurra dela eta grabatzeko eskubide osoa dugula erantzun nion, eta baita bideoa zabaldu egingo nuela ere. Gero, gerokoak etorri ziren.
Zer leporatzen dizuete?
E.A.: Niri Mozal Legea aplikatu didate, ekitaldiko arduraduna identifikatzen utzi ez niela argudiatuz. Haien artean garrasika eta modu txarrean jarri nintzela diote. Bideoak berak gezurtatzen du hori, iruditan, prentsaurrekoa egiteagatik identifikatu duten pertsona poliziei bere nortasun agiria dutela esaten agertzen delako. Bideoak erakusten du nire hizkuntza-eskubideen urraketa bat egon zela eta orain leporatzen didatena zigor bikoitza dela.
L.A.: Niri ertzainen aurkako irainak egotzi dizkidate. Beraien salaketan, poliziek adierazten dute Eneka ez zutela euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik identifikatu, baizik eta agerraldiaren arduradunen identifikazioa oztopatzeagatik, eta nik, nahita, beste bertsio bat zabaldu nuela.
Kazetariok ikusten dugunaren interpretazio bat egiten dugu, eta une horretan poliziak ez zuen identifikazioaren arrazoirik eman, hainbat aldiz eskatu bazioten ere. Eta hor hizkuntza gatazka bat egon zela garbi dago. Hortaz, bideoa ikusi eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Nire ustez, kasu honek garrantzi handia dauka, euskaldunok gure hizkuntza-eskubideen urraketa pila bat jasaten ditugulako. Minetik bizi ditugu, ez ditugu azaleratzen, eta oso gutxitan dokumentatu dira. Honakoan, ordea, erasoa bideoan jaso da, eta horrek balio handia dauka. Horrez gain, aipatu beharra dago eraso horien arduradunek oso gutxitan eskatzen dutela barkamena, eta honakoan egin dutela. Euskaldun ugari poztu egin ginen horregatik. Eta orain, zer eta eskubideak urratu zizkioten pertsonari Mozal Legea aplikatu diote, eta hori grabatu zuen kazetarietako bat epaitegietara eramango dute.
Ertzaintzak irailean Eusko Jaurlaritzaren idazpuruarekin Hizkuntz Eskubideen Behatokiari bidalitako txostenean hurrengoa jarri zuen: “…[jardueran esku hartu zuten ertzainek] berariaz eskatu digute beraien partez barkamena helarazteko”. Nire aurkako deklarazioan, berriz, salaketa jarri didaten ertzainek barkamena eskatu zutela ukatzen dute. Hau ez da serioa.
Zuri, Eneka, norbait zuzendu al zitzaizun barkamena eskatzeko?
E.A.: Ez. Nik Behatokiaren bidez jarri nuen kexa eta gutuna Behatokiari bidali zioten.
Argia-n Ertzaintzak agertutako kontraesanak zerrendatu zenituzten.
L.A.: Lehenengo kontraesana, ofizialki barkamena eskatu ostean, bi agentek hori gezurtatu egin dutela da. Bigarrena, herritar baten eskubideak urratu dituzten ertzainek herritar horri beste zigor bat ezartzea da. Eta hirugarrena, azkenik, Eneka identifikazioak oztopatzeagatik identifikatu zutela esatea da, bideoan gertatu zena beste gauza bat izan zela ageri denean.
Ernaik adierazi du “bidegabekeria honi aurre egiteko bidea” aztertuko duela. Zer egingo duzue?
E.A.: Gertatutakoa onartzen ez dugunez, isuna ez ordaindu eta errekurtso bat jartzeko erabakia hartu dugu. Horrek ez du esan nahi sistema judizial honetan sinesten dugunik, baina kasua oso gertutik jarraituko dugu. Gauzak nora iristen diren ikustean, unean uneko erabakia hartuko dugu.
Zu, Lander, martxoaren 20an epailearen aurretik pasa beharko zara.
E.A.: Egun horretan epailearen aurrean deklaratuko dut, eta berak erabakiko du epaiketa beharrezkoa den edo ez. Nik argi eta garbi azalduko diot nire intentzioa ez zela izan inor iraintzea, ezta gutxiago ere. Eskerrak bideoa grabatu zela eta gertatutakoa horren bidez erakutsi ahal izango dugula! Epaitegian, niretzako bistakoa dena azalduko dut. Besteentzat horren bistakoa den ikusteko dago, ordea.
Gertakari hauen larritasuna hainbatetan azpimarratu duzue. Zergatik?
E.A.: Zoritxarrez, hau ez da kasu isolatu bat. Grabatua izan denez, dimentsio handia hartu du, baina kontziente izan behar gara holakoak egunerokotasunean hainbatetan errepikatzen direla. Horregatik, erantzun bat ematearen beharra nabarmendu nahi dut. Ahalduntzearen bidean pauso bat eman behar dugu gure eskubideei eusteko, eta erasoak salatu egin behar ditugu.
Gainera, urraketa administrazioko langile batzuen partetik etortzeak are larriagoa bihurtzen du egoera. Horrek erakusten du oraindik, 2019an, hizkuntza politiken inguruan lanketa handia egin beharra dagoela.
L.A.: Guztiz bat nator Enekarekin. Kazetaritzarekiko irakurketa gehitzearren, esango nuke Mozal Legea bezalakoekin mezulari deserosoak isilarazteko joera bat dagoela. Eta horrekiko, gurea ere ez da kasu isolatu bat. Duela gutxi, Gara egunkariko Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetariak epaitegira deitu zituzten Iñigo Cabacas kasuko audioak argitaratzeagatik. Ahotsa.info-ko lagunak ere epaitegira bidali zituzten ongi etorri batzuen berri emateagatik. Eldiario.es-ekoei ere salaketa jarri zieten master faltsuei buruzko informazioa zabaltzeagatik… Alegia, badago Mozal Legetik harago doan joera bat, salaketetan oinarritua, mezulariak beldurtzeko helburua duena.
Horren aurka egin dezakegun gauza bakarra eraso hori are gehiago indartuko gaituen olatu bilakatzea da. Eskerrak ematea besterik ez daukat elkartasuna adierazi diguten jende eta hedabide guztiei.
E.A.: Hori oso azpimarragarria da. Izan ere, biok izugarrizko babesa jaso dugu, bai sareen bidez eta bai gurekin harremanetan jarri direnengandik. Oso eskertuak gaude horregatik. Denon artean gertatutakoari erantzun on bat emateko gai izatea espero dut, gure arteko babesa eta zaintza tresna gisa erabiliz.