"Musika gizakiarena da, eta inolaz ere ezin da gauza automatiko bat izan"
Urte eta erdi igaro da Amara Berriko Beñaranks reggaelariak ‘Top ranking’ bere lehen EP-a argitaratu zuenetik. Denbora horretan, kontzertuak egiten eta antolatzen aritu da etengabe.
Zergatik aukeratu duzu Plaza taberna?
Kuadrillakoak hona etorri ohi garelako. Beti Amara Berrin ibili izan gara, lokalean lehen, eta tabernetan orain. Egia esan, auzoko gazteoi arratsaldea pasatzeko geratzen zaizkigun lekuak horiek dira. Duela zenbait urte auzoan gaztetxe bat sortzen saiatu ginen, baina gauza ez zen ondo atera. Tabernak ez diren bilgune berriak sortzeko beharra dagoela uste dut.
Gobernu Zibilaren eraikina metro gutxira dugu.
Eraikina kultur etxe bilakatzea auzoaren aldarrikapen nagusietakoa da. Anoetako Ernest Lluch kultur etxea txikia da Amara Berriren tamainako auzo batentzako.
Gainera, haurtxokoa eta gaztelekuarekin batera, futbol estadio baten menpe dago. Obrak direla eta dena lekuz aldatu behar izan dute.
Futbolak duen eraikinaren tamainako egoitza merezi du kulturak.
Zalantzarik gabe. Eta kontuan hartu beharra dago auzoan badirela hutsik dauden espazioak. Gobernu zibila, esaterako. Egun, eraikineko gela gutxi batzuk soilik erabiltzen dira. Hortaz, gainerako guztia kultur etxe bilakatu daiteke.
Kanta bat sortu zenuen aldarri horrekin.
Borroka horretan dabilen auzotarren taldeak proposatu zidan ideia, eta Selektah Stepiren laguntzarekin abestia egin nuen. Gaztetxeen beharraren inguruan aspaldi idatzi nituen letra batzuk moldatuz osatu nuen.
Lehen EP-a 2017ko udaran aurkeztu zenuen. Nolakoa izan da geroztik orain arteko ibilbidea?
Oso nekagarria izan da, prozesu guztia doktoretza batekin batera egin behar izan dudalako. Ez dut atsedenerako unerik izan. Baina pozik nago, noski.
2018an sarritan igo naiz agertoki gainera, nire izena kartelean egon edo ez. Iaz, beste taldeetako lagunek gonbidatuta, Txapel Reggaen, Rototom jaialdian eta Hatortxu Rocken abestu nuen, besteak beste. Izugarrizko babesa jaso dut eszenako kideen partetik.
Kontzertuak egiteaz gain, emanaldi ugari antolatu dituzu.
Guardetxean dezente antolatu ditugu, bai. Han, erraza egiten zaigu gure egitasmoak aurrera ateratzea. Horrez gain, Bassque Reggae Kultur kolektiboan sartuta nabil ere. Hainbat festa antolatu ditugu urtean zehar, eta Amara Berriko jaietan ‘sound system’ bat jarri genuen lehen aldiz.
Nola azalduko zenuke zer den ‘sound system’ bat?
‘Sound system’-a reggaea entzuteko osatzen den musika ekipoa da, gehienetan norberak eraikia. Bafle indartsuak izan ohi ditu eta edozein lekutan muntatu daiteke. Bizkaian hamar bat daude, bi Gipuzkoan eta beste bat Araban. Jaietan gero eta gehiago ikusten dira.
Doktoretza bat egiten ari zarela aipatu duzu.
Bai, matematika aplikatuei eta adimen artifizialari buruzkoa. Aurretik, masterrean, informatika musikalaren inguruan egin nuen lan.
Zertan datza hori?
Musika datuz beterik dago, eta patroi batzuk jarraitzen ditu. Masterreko klasekideok bertsoak entzun eta euren doinua zein zen esateko gai zen algoritmo bat sortu genuen.
Doinu bat identifikatzea gauza bat da, eta beste bat sortzea.
Nire irakasle ohi batek musika sormen automatikoak aztertzen zituen. Sistema horiek, melodia batzuk entzun ostean, doinu berriak sortzeko gai ziren. Hau da, adimen artifizialaren bidez, ordenagailuak zuk eman dizkiozun melodia horiek aztertu eta konposatzeko modu bat ikasten du, eta beste doinu batzuk sortzeko gai bilakatzen da. Hala ere, hor ez dago kreatibitaterik, soilik algoritmo baten funtzionamenduari jarraitzen diolako. Musika gizakiarena da, eta inolaz ere ezin da gauza autmatiko bat izan.
Zer daukazu orain eskuen artean?
2018a kontzertuen urtea izan da niretzat, astero bi edo hiru emanaldirekin. Hori dela eta, ez dut ia idazteko astirik izan. Urtea hasi denetik, ordea, etenaldi bat egin dut eta jada lau abesti grabatu ditut. Gainera, Zestoako Argizulo Dub Station taldearekin elkarlanean ari naiz, eta hortik gauza politen bat ateratzea espero dut.
Zenbat binilo dituzu etxean?
Ezin dizut esan zehazki zenbat diren, baina etxean ehunka ditut. Bilaketari ordu asko eskaintzeaz gain, errepertorio propio bat izateak diru asko gastatzea exijitzen dizu.
Gertutik jarraitzeko Donostiako hiru musikari?
Egia esateko, reggaearen arlotik ez naiz gehiegi urruntzen. Gomendatuko nukeen lehena George Palmer da, nire erreferenteetako bat delako. Reggaea nik ulertzen dudan modura egiten du. Bigarrena Eira da, nire inguruan topatu dudan ahots onenetariko bat duelako. Abesten entzun duten guztiek komentatu izan didate zeinen ondo egiten duen. Eta, azkenik, Urban13 kolektiboa aipatuko nuke, bertatik hiriko rap talde ugari atera direlako: Parasitos XXL, Kimikari, Trikuharri eta A la vuelta de la eskina, besteak beste.
HAMABIETAN BERMUTA: Garagardoa eta patata tortilla pintxoa.
Non. Plaza taberna (Amara Berri).
Prezioa: 4 euro.