Noria jarriko dute datozen gabonetan ere
Datozen gabonetan Alderdi Ederren jarraitzen duen noria baino noria handiago bat ekartzeko aukera aztertzen ari direla azaldu du Donostiako Udaleko Alkateordetzak.
Abenduaren 1ean inauguratu zuten Alderdi Ederreko noria, eta ordutik otsailaren 7ra 90.000 bidaia erregistratu dituzte. Bidaia gehien izan ziren eguna abenduaren 1a izan zen, inaugurazioaren eguna, alegia. Hortik aurrera, bidaia gehien izan zituzten egunak abenduko zubikoak izan ziren, hilaren 6, 7 eta 8 egunak, hain zuzen. Bestalde, 29.000 bidaia bi euroko tarifako egunetan egin ziren eta 61.000 bidaia bost euroko tarifako egunetan, udalaren datuen arabera. Beraz, emaitza ekonomikoak postiboak izan dira, eta noriaren jabeek 40.000 euro utzi dituzte udaleko diru-kutxan.
Noriaren emaitza ekonomiko positiboak ikusita, datozen gabonetan 70 metroko diametroko noria bat jartzeko aukera aztertzen ari dira. Egungo noriak 50 metroko altuera du eta 36 gondola, guztira 216 pertsona sartzen direlarik.
Astelehenean kenduko dute
Igandea, hilaren 10a, izango da noria irekita egongo den azken eguna, astelehen goizeko 6:00tan hasiko baitira desmuntatze lanekin. Inguruko bidegorrian eragina izango dute lanek, eta hasi bezain pronto Andia kalea moztuko dute Miramar kaletik. Alkateordetzak azaldu duenez, otsailaren 13a arte egongo dira noria desmuntatzen. Azken egun horretan, desmuntatzeko erabiliko duten garabiaren hanka batek Kontxako aparkalekuko sarrera oztopatuko du goizeko 7:00etatik aurrera, beraz, ezingo da aparkalekua erabili.