Auzipetu katalanak babesteko manifestua egin du GEDek
Amalur Alvarez da, eskuinetik hasita bigarrena. (Argazkia: GED) Auzipetu katalanak babesteko Konponbide politikoaren alde izeneko manifestua aurkeztu du Gure Esku Dago plataformak, Euskal Herriko hainbat gizarte alorretako 68 pertsona ezagunek sinatuta.
Hiru aldarrikapen nagusi egin dituzte manifestuaren bitartez: lehena, preso dauden buruzagi sozial eta politiko guztiak berehala aske uztea; bigarrena, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin zerikusia duten kausa guztiak bertan behera uztea; eta hirugarrena, konponbide politikoari bidea irekitzea, elkarrizketari eta negoziazioari ekinez, “herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki” erabaki ahal izateko.
Auzipetu katalanen egoera demokraziaren kontrakoa dela salatuz amaitu dute manifestua: “Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia”.


