Bera Berak agur esan dio Europari

Ibilbide historikoa izan da. Denboraldi honetan, Bera Berak lehen aldiz lortu du EHF kopako ligaxka faserako sailkatzea, eta hori gutxi ez balitz, txapelketan egundoko jarduna izan du astez aste. Zoritxarrez, eta erakutsitako jokoa apartekoa izan den arren, donostiarrek agur esan diote Europari. Hain zuzen, lehiaketan hurrengo pausoa emateko azken aukera galdu egin zuten igandean Imanol Alvarezen neskek, Errumanian iazko txapeldunaren aurka jokatutako neurketan. Hala ere, donostiarrek harro utzi dute, aurtengoz, kopa kontinentala irabazteko lehia.
Futbolean, Realak bi berdinketa lortu ditu asteburuan jokatutako neurketetan. Batetik, neskek ikuskizun ederra eskaini zieten Anoetara joan ziren 21.234 zaleei. Izan ere, donostiarrek Athleticek eginiko bi golak berdintzea lortu zuten, taldeek sailkapenean duten lehia bizirik mantenduz. Mutilek, berriz, golik gabeko berdinketa garrantzitsua lortu zuten etxetik urrun, Valentziaren aurka.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek eman du asteko sorpresa. Izan ere, Valdeolmillosen mutilek 19 puntuko aldeari buelta eman eta taldearentzako arnasbidea den garaipena lortu zuten Kanarietan, salbazioarekin amesten jarraitu ahal izateko. Ibaeta Basketek, berriz, ezin izan zuen gauza handirik egin Cadi La Seuren aurka.
Izotz hockeyan, azkenik, Txuri Urdinek liga txapelketako lehen fasea garaipenarekin amaitu zuen.
ESKUBALOIA
EHF kopa, ligaxka faseko 6. jardunaldia
-
Craiova 26 – 23 Bera Bera
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia:
-
Reala 2 – 2 Athletic
Gizonezkoen lehen maila, 23. jardunaldia:
-
Valentzia 0 – 0 Reala
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen Estatuko Senior maila, 20. jardunaldia
- Txuri Urdin 5– 1 Jaca
SASKIBALOIA
Gizonezkoen ACB liga, 20. jardunaldia
-
Kanaria Handia 85 – 90 Gipuzkoa Basket
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
-
Cadi La Seu 77 – 57 Ibaeta Basket