Emakume arkitektoen lana nabarmentzeko hitzaldi zikloa egingo dute

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak antolatutako 12 hilabete, 12 emakume arkitekto hitzaldi zikloa hasiko dute asteazkenean, otsailaren 13an. Inaugurazioa 18:30ean hasiko da, Gipuzkoako EHAEOeko egoitzan (Frantzia pasealekua, 11), eta honakoek parte hartuko dute: Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak; Matxalen Acasuso EHAEOeko dekanoak; Judith Ubarrechenak; Gipuzkoako EHAEOeko presidenteak eta Claudia Pennese Gipuzkoako EHAEOren Kulturako bokalak.
Jarraian, zikloko lehen hitzaldia egingo dute, Rocio Peña arkitekto donostiarra eta Peña Gantxegi fundazioko zuzendariaren eskutik. Sarrera doakoa izango da, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea, lekuak mugatuak dira eta. Gipuzkoako EHAEOren webgunean egin behar da izen ematea. Peñak ibilbide profesional zabala du eta sari ugari jaso ditu bere lanarengatik.
Hitzaldi ziklo honen helburua da 2018an egin zuten Berdintasun Ibilbideari jarraipena ematea. Halaber, Gipuzkoako emakume arkitektoen lana agerian jarri nahi dute, euren esperientzia profesional eta pertsonalen bitartez. Datozen hilabeteetan, beste emakume arkitekto batzuk emango dituzten hitzaldiak hartuko ditu Gipuzkoako EHAEOren aretoak, baina arratsaldean izan beharrean bazkalorduan egingo dituzte (13:00-15:00). Hitzaldia entzuten duten bitartean luntx bat dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, 12 hilabete, 12 emakume arkitekto zikloko hitzaldiez gain, asmoa dute urtean zehar Gipuzkoan bizi diren profesional gehiagoren hitzaldiak antolatzea.
EGITARAUA
- Martxoak 15: Maite Crespo, Maite Leturia eta Maria Pons, arkitekto gazteen esperientziaz arituko dira.
- Maiatzak 10: Naiara Zabala, hirigintza planetan genero ikuspegia txeratzen aitzindaria.
- Ekainak 15: Rakel Martinez de Ubago, Gipuzkoako lehenengotariko emakume arkitektoa, esanguratsuak diren zenbait eraikinen egilea eta artearen munduan ibilbide oparoa duena.
- Urriak 18: Marta Badiola, Pura arquitecturaren sortzailea.
- Azaroak 22: Izaskun Aseguinolaza, irakaskuntza eta jardun profesionala uztartzen dituen emakume arkitektoa.