Odon Elorzak eta bi epailek Kote Cabezudoren biktimen abokatuaren aurka deklaratu dute
Yolanda Domeño eta Victoria Cinto epaileek Mario Diezi eta Melchor Miralles kazetariari jarritako salaketaren harira deklaratu du Elorzak goizean. Biei irainak eta kalumniak leporatzen dizkiete.

Odon Elorzak Kote Cabezudoren biktimen abokatuaren aurka deklaratu du goizean Donostiako epaitegian, Yolanda Domeño eta Victoria Cinto epaileek Mario Diezi eta Melchor Miralles kazetariari jarritako salaketaren harira. Irainak eta kalumniak leporatzen dizkiete, besteak beste, argazkilari eta erasotzaile donostiarraren kasua ez ikertzeko borondatea egon zela adierazteagatik.
Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak eta Bidasoaldeko Elkarte Feministak elkarretaratzea egin dute epaitegien sarreran, Diezi eta Mirallesi elkartasuna adierazteko. Agerraldian, elkarretaratuek adierazi dute Elorzak, Domeñok eta Cintok “Cabezudoren mesedetan eta biktimen aurka” jokatzen ari direla, eta urteetan zehar argazkilari donostiarrak egindako sexu abusuak ez ikertu izana leporatu diete: “Justiziak, poliziak eta hedabideek ez dute Cabezudok izan duen inpunitatea inoiz aztertu, urteetan zehar adingabeko pertsonez abusatu duen arren”.
Gainera, auziko Fiskala Javier Zaragoza dela nabarmendu dute, Kote Cabezudoren aurkako salaketa bat desagerrarazi zuen izen bereko fiskalaren semea dela azpimarratuz.
Cabezudo Martuteneko kartzelan dago preso, behin-behineko espetxealdia ezarri ziotenetik. Aurreko astean, epaileak lehen zigorra jarri zion, bere biktima baten argazkia mehatxu gisa Facebookera igotzeagatik. Bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, 5.040 euroko isuna, eta 8.000 euroko kalte ordaintzea ezarri dizkiote, eta epaiketak beste hamasei atal izango ditu gutxienez.