Donostiako Orfeoiak hiru kontzertu emango ditu Parisen
Hilaren 17, 20 eta 21ean izango da Donostiako Orfeoia Parisko Philarmonie auditorioan, eta Gustav Mahlerren 8. sinfonia eta Hector Berliozen requiem obrak interpretatuko ditu.
Igande honetako kontzertua Municheko Orkestra Filarmonikoarekin eta haren abesbatzarekin batera emango du Orfeoiak, Valery Gergiev zuzendariaren agindupean. Municheko Orkestraren 125. urteurrenean hiri alemanean emandako kontzertua errepikatuko dute Orkestrak, Orfeoiak eta Gergievek, arrakasta handia izan baitzuten orduan. Pariseko kontzertuan, ordea, solistak Simone Schneider Jacquelyn Wagner eta Regula Mühlemann sopranoak, Claudia Mahnke eta Katharina Magiera altuak, Simon O’Neill tenorea, Michael Nagy baritonoa eta Evgeny Nikitin baxua izango dira.
Hilaren 20 eta 21eko kontzertuetan, aldiz, Parisko Orkestrarekin eta haren abesbatzarekin eta Parisko Kontserbatorioko Orkestrarekin abestuko du Orfeoiak, Pablo Heras-Casado zuzendariaren gidaritzapean. Emanaldi horietako solistari dagokionez, Bryan Hymel tenore estatubatuarra izango da.