Emakumezkoen futbolari buruzko solasaldia egingo du RealSocialismo! taldeak
Ane Etxezarreta, Ixiar Bakero eta Ainara Arratibelen ahotsak batuko ditu otsailaren 20an RealSocialismo!, Realeko zaletu eta akziodunen taldeak antolatu duen mahai inguruak. Emakumeen futbolari buruzko mahai ingurua El Rincon jatetxean (Errege Katolikoak, 20) izango da, 19:30ean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez hitzaldia euskaraz egingo da, eta sarrera librea eta doakoa izango da.
Hitzaldiko protagonistak izango dira Ane Etxezarreta Realeko jokalaria, Ixiar Bakero Añorgako jokalari ohia eta Ainara Arratibel Berriako kazetaria, eta Maddalen Marzolek moderatuko du mahai ingurua. Duela egun batzuk Aintzane Encinas jokalari ohiak honakoa esan zuen: “Emakumeen futbolak balore propioak mantendu behar ditu”. Antolatzaileek adierazi dute hitzaldiaren helburua balio horiek azaleratzea dela. Horretarako, gaur egun talde txuri-urdinean ari den jokalari gazte bat eta Gipuzkoan aitzindari izandako beste bat batuko dituzte. Gainera, beste ikuspegi bat txertatzeko asmoz, emakumeen kirola gertutik jarraitzen duen kazetari bat ere gonbidatu nahi izan dute.
RealSocialismo!-koek azaldu dute taldea osatzen duten gehienok, egun, gizonezkoak direla. Gaineratu dute “gizarteko hainbat alorretan oraindik ematen ez den orekaren bila” dabiltzala, eta horregatik, ateak “zabal-zabalik” dituztela bazkide gehiago jasotzeko, are gehiago emakumezkoak badira.