Noriaren desmuntaketa eten egin dute langileen segurtasun neurriak ez betetzeagatik
Alderdi Ederreko noriaren desmuntaketa gaurko zegoen aurreikusia, baina langileentzako segurtasun neurrien falta dela eta, atrakzioaren deseraikitze lanak bertan behera geratu dira eguerdian. Osalaneko ordezkariak noriako arduradunekin bildu dira, eta desmuntaketan hainbat irregulartasun ematen ari zirela ikusita, lanak eteteko erabakia hartu dute.
Dirudienez, noriaren ondotik pasa den herritar batek Ertzaintzara deitu du goizean, 50 metroko altuera duen eraikuntzan langileak arnesik gabe lanean ari zirela adieraziz. Polizia Alderdi Ederrera joan da eta jasotako informazioa berretsita, Osalanekin jarri dira harremanetan. Ondoren, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeko ordezkariek jakin dute obrako arduradunek ezin zituztela hor lanean ari ziren langileen kontratuak erakutsi, ustez, Frantziatik bidali behar zizkietelako. Hortaz, irregulartasun horiek konpondu bitartean, Espainiako Sustapen Ministerioaren kudeaketapean dagoen noriaren desmuntaketa ez da gauzatuko.