Epaitutako ertzainetako bat absolbitzeko eta besteari espetxe zigorra ez ezartzeko eskatu dute Gipuzkoa Zutik-en kanpaldiko atxilotuek: "Ez dugu odolik nahi"
2016ko ekainaren 2an Gipuzkoa Zutik-en kanpaldian bi gazte legez kanpo atxilotzea egotzita, bi ertzain Gipuzkoako Lurralde Auzitegitik pasa dira gaur goizean, bost urteko espetxeratzearen eta sei urteko gaitasungabetzearen zigor eskaerarekin. Auziaren bezperan, akusazioaren abokatuak “oso gutxitan hartzen den estrategia juridiko-politikoa” erabiliko zuela aurreratu zuen, eta esandakoa bete egin du gaur. Izan ere, bi alderdien lekukoen deklarazioen eta frogen aurkezpenaren ostean egin beharreko balorazioan, salatzaileen abokatuak eskatu du epaitutako ertzainetako bat absolbitzeko eta besteari espetxe zigorrik ez ezartzeko.
Ertzainetako bati dagokionez, atxiloketen erabakia berea izan ez zela eta, hortaz, absolbitua izan behar zuela ondorioztatu du akusazioak. Atxiloketen arduradunari dagokionez, berriz, zigor minimoa ezartzea eta espetxealdirik ez jasatea eskatu du salatzaileen abokatuak, haren gaitasungabetzearen aurka ere dagoela adieraziz. Hurrengo hitzekin azaldu du akusazioak bere erabakia: “Ez dugu odolik nahi eta ez gatoz gerrara. Ez dugu nahi inor kartzelara joatea, ezta bere lana galtzea ere. Aukera hau baliatu nahi dugu gauzak era desberdin batera egiteko. Gizarteari gauza onuragarri bat bueltatzeko aukera bat nahi dugu, kartzela edo langabeziaren bidez lortu ezin daitekeena”.
Bi ereduren arteko desberdintasuna agerian jarri nahi duela azpimarratuz, akusazioak eskari berezi bat egin du: “Poliziak delitu bat egin duela berretsita, eta halakorik errepika ez dadin laguntzeko, bere kondenaren baliogabetzea hiru baldintzapean proposatzen dugu: batetik, akusatuak Gipuzkoa Zutikek kanpaldian zehar grabatutako bideoak ikusi ditzala, mugimenduaren antolaketa eta izaera baketsua ezagutu ditzan; bestetik, Pedro Bañosen El dominio mundial liburua irakurri dezala, botereak egungo garaietan egiten duen poliziaren erabilera ulertzeko; eta, azkenik, Lurralde Askea plataformak argitaratutako Ongi bizitzeko 100 konpromiso eskuliburua irakurri dezala, sozialki arduratsuak diren praktikak ezagutu ditzan”.
Epaiketan zehar hainbatetan geratu dira agerian akuzazioak eta defentsak aurkeztutako bertsioen arteko desberdintasunak. Euren balorazioetan, fiskalak eta bi ertzainen abokatuak 2016ko ekainean gauzatutako atxiloketak legez kanpo egon ez zirela nabarmendu dute, eta defentsak bien absoluzioa eskatu du, herri mugimenduko gazteek desobedientzia delitu bat egin zutela argudiatuz. Lau orduko auziaren ostean, epaiketa epaiaren zain gelditu da.
Aiert Larrartek, akusazioaren abokatuak, epaiketan eginiko eskaera azaldu dio Argiari: