Koldo Mitxelena Kulturuneak bere buruari begiratu dio erakusketa batean
Biharko liburutegi guztiak erakusketa inauguratu du Koldo Mitxelena Kulturuneak. Liburutegien eta gizartearen arteko harremana sakontzen du, eta liburutegirik garrantzitsuenak nabarmenduko ditu, emanaldien eta hitzaldien bitartez. Koldo Mitxelenaren berritze eta parte hartze prozesuarekin bat egiten du erakusketak.
Ekainaren 1era bitarte ikusi ahal izango da, eta askotariko jarduera paraleloak izango ditu erakusketak. Hala nola, elkarrizketa mahaiak hainbat alorretako profesionalekin, haur eta gazteentzako lantegiak eta arratsaldero eskainiko duten film baten proiekzioa: Frederick Wiseman zuzendariaren Ex-libris: The New York Public Library.
“Liburutegiak jarraitzen du bermatzen komunitatearen oroimena, baina, azken boladan, bere ekintza-eremua zabaldu du, izan dadin, baita ere, topaleku, elkarrizketa-leku, gizarte kohesioko leku, eta demokraziaren eragile aktibo. Nolakoak izango ote dira biharko liburutegiak? Galdera horren erantzunean dago, seguru asko, gure kulturaren eta gizartearen bilakaera”, azaldu du Denis Itxaso Kultura diputatuak.