Zinema eta moda uztartzen dituen zikloa aurkeztu dute
![Zinema_eta_moda](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2019/02/zinema_eta_moda.jpg)
Donostiako Modaren Klusterrak zinema eta moda uztartzen dituen lehen zikloa egingo du hilaren 26an. Hubert de Givenchy diseinatzailea eta Audrey Hepburn aktorea izango dira protagonistak. Ikus-entzuleei zinemarako jantziak diseinatzeko lan prozesua ezagutzera emateko helburua du zikloak.
Hilaren 26ko zikloan bi filme proiektatuko dituzte Tabakalerako zinema aretoan. Batetik, Billy Wilder zuzendariaren Sabrina filma 11:45ean eskainiko dute, eta bestetik, Stanley Donen zuzendariaren Funny Face pelikula, 17:30ean. Ondoren mahai-inguru bat egingo dute, ondorengo gonbidatuekin: Helena Sanchis diseinatzailea, Ana Balda irakaslea, Josemi Beltran Donostia Kulturako kidea eta Laura Chamorro Moda Klusterreko arduraduna.
Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da Moda Klusterraren webgunean.