Atzoko berdinketarekin, Realak bederatzi partida daramatza galdu gabe
Asteburuko derbitik indarberritzeko asti handirik gabe, Realak Valentziarako bidea egin zuen atzo Levanteren aurka neurtzeko. Sailkapeneko aurkari zailenetariko bat izan arren, joko ona erakutsi eta lehen zatian markagailuan aurretik jartzeko gai izan ziren donostiarrak, Nerea Eizagirreren golari esker. Neurketaren azken minutuetan, ordea, valentziarrek berdinketaren gola egitea lortu zuten behin betiko emaitza osatzeko.
Atzo lorturiko berdinketa horrekin, Realak bederatzi partida daramatza jarraian galdu gabe, bost garaipen eta lau berdinketekin, eta emaitza horiek ligako sailkapenean gora egitea ahalbidetu diote. Hain zuzen, iazko denboraldian lorturiko marka berdintzeko 8 puntura dago taldea, bederatzi jardunaldiren faltan.
Hori gutxi ez balitz, donostiarrek kopako finalera historian lehen aldiz iristeko aukera izango dute igandean, 16:30ean Sevillaren aurka Anoetan jokatuko duten finalerdian. IRUTXULOKO HITZA Realeko Iraia Iparragirre atzelariarekin bildu da, kanporaketa garrantzitsuaren atarian taldea zer moduz dagoen ezagutzeko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.