Donostiako Orfeoiak ahots berriak bilatzeko kanpaina egingo du
Ahots berrien bila ari dira Donostiako Orfeoian, eta gazteengan arreta berezia jarriko dute oraingoan. Hilaren 25ean egingo dituzte ahots probak, EHUren Carlos Santamaria liburutegian, 13:00etan. Hala ere, ez dituzte alde batera utziko asteazkenero orfeoiaren egoitzan egiten dituzten ahots probak.
Hamasei urtetik gorako edonork hartu dezake parte EHUn egingo diren probetan, baina abesbatzarekin konpromisoa hartzeko prest egon beharko dute. Izan ere, astearte, asteazken eta ostiraletan, 20:00etatik 22:00etara entseguetara joateko konpromisoa hartu behar dute Donostiako Orfeoiko kideek. Bestalde, proba laburrak izango direla azaldu du abesbatzak, eta gainditzeko belarri musikal ona izatea dela garrantzitsuena. Hautatutako abeslari berriei prestakuntza emango die abesbatzak ondoren, teknika eskuratu dezaten.