Emakumeen futbola bere zilegizko lekua aldarrikatzen ari da
Korner Festibalak emakumeen futbolaren inguruko luxuzko solasaldia eskaini zuen aurreko ostiralean Victoria Eugenia Antzokian, Aintzane Encinas, Nahikari Garcia, Vero Boquete eta Olga Viza kazetariaren eskutik.
Oraindik ez ikusiarena egiten dutenak falta ez badira ere, urtetik urtera emakumeen futbola goraka doa, eta zelaietan zein hedabideetan zilegitasun osoz dagokion lekua gero eta indar gehiagorekin ari da aldarrikatzen.
Hazkunde hori islatu nahian, Olga Viza kazetariak galdera zuzena luzatu zien Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoko hiru gonbidatuei: «Zein futbolari izan nahi zenuten txikiak zinetenean?». Vero Boquetek, kiroleko estatuko erreferente nagusiak, argi zuen bere erantzuna: «Nik Ronaldo izan nahi nuen. Ronaldo potoloa, ez portugesa. Azken finean, ez nuen emakumezko erreferenterik izan». Zentzu berean mintzatu zen Aintzane Encinas, Realeko jokalari eta kapitain ohia, berak Gaizka Mendieta bezalakoa izan nahi zuela azalduz. Nahikari Garciak, ordea, kontrapuntua jarri zion Vizaren galderari. Hain zuzen, Realeko aurrelariak, bere solaskideak baino hamar urte gazteagoa izanik, ez zuen gizonezko erreferente bat izan: «Nik, txikitan, Vero Boquete bezalakoa izan nahi nuen».
Garciaren erantzunak islatutako «eklosio» hori azpimarratuz, hainbat eta hainbat emakumeen lanari esker abiatutako bidean pauso gehiago ematen jarraitzeko beharra nabarmendu zuten lau hizlariek. Helburu horri heltzeko, oraindik erronka ugari dituztela aitortu zuten, ordea: kirolarien profesionalizazioa [egun, emakumezko jokalarien %85ak 25 urte dituela uzten dio futbolean jokatzeari], jokalarien ikusgarritasuna sustatzea, amatasuna eta kirol jarduna bateragarri bilakatzen laguntzea [liga txapelketako hamasei taldeetan ez dago ama bat bera ere ez], marketinak eskaintzen dituen diru iturri aukerak esplotatzea…
Gainera, hazkundearen bide horretan, emakumezkoen futbolak orain arte mantendu dituen bi balio garrantzitsu galdu egin daitezkeela ondorioztatu zuten hizlariek: zelaian garbiak izan eta antzerkirik ez egitearena, batetik, eta zaleekiko gertutasunarena, bestetik.
Korner Festibalaren solasaldian bildutako hizlariak, ordea, kirolaren bertutearen enbaxadore dira, eta haiek eskainitako hitzei behar bezalako arreta jarriz gero, ziurra da gizarteak bere bidea modu zuzenagoan egingo lukeela. Eta ez, noski, futbolari dagokionean soilik. Zale zein pertsona bezala, denok dugu zer ikasi.