Iker Iriarte: "Gakoa da saioa amaitzean inor ez ohartu izana gai jartzailea oholtzan egon denik ere"
Bagera elkarteak gai jartzaile ikastaroa antolatu du otsaila eta martxorako, eta Iker Iriarte alegiarrak gidatuko ditu saioak. Iriartek eskarmentu handia du gai jartzaile gisa, eta hainbat sariketa eta txapelketetan aritu da gai jartzaile moduan.
Ikastaroko saioak Bagera elkartearen egoitzan izango dira (Hernani kalea 15) asteartetan, zehazki, otsailaren 26an, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 26an. Bi ordu eta erdiko lau saioak 18:30ean hasiko dira eta 21:00etan amaitu eta 35 euroko prezioa izango dute. Bazkideek, ikasleek eta langabetuek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko 943 005 074 telefonora deitu edo bagera@bagera.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi behar da.
IRUTXULOKO HITZAk Iriarterekin hitz egin du, ikastaroaren nondik norakoak eta gai jartzailetzaren sekretuak ezagutzeko. Ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa, bitartean, hona hemen aurrerapen bat:
Gai jartzaile gisa eskarmentu handia duzu, baina beste lan batzuetan ere aritzen zara urtean zehar…
Duela 12 edo 13 urte Bertsozale elkartearen bueltan hasi nintzen. Sekula ez naiz Bertsozale elkartearentzat soldatapeko lanetan aritu baina beti mugitu izan naiz inguruan, adibidez, Euskal Herriko zuzendaritzan, Euskal Herriko sustapen taldean eta gai jartzaileen taldean. Gainera, (H)arituz Alegiako bertso eskolan ibili izan naiz urtetan. Guk nahiago dugu, egia esan, bertso eskola deitzea baino, bertsozaleen topagunea deitu.
Bestalde, bidaiari gisa dut nire burua eta lan egiten dut taldeekin munduan zehar bidaiatzen. Kruzeroetan ibili izan naiz lanean urtetan, baina azken aldian nahiago dut talde txikiekin bidaiatu. Duela gutxi Islandian egon naiz, eta aurretik Norvegian eta Finlandian. Hemendik gutxira, ikastaroa bukatzean, Ternuara joango naiz.
2017ko Euskal Herriko txapelketarako Bertsozale elkarteak proposatu zidan gai jartzaileen taldearen koordinazio lana egitea. Aurten asmo bera daukat, Gipuzkoako txapelketarekin. Apiriletik abuztura kanpoan egongo naiz, eta irailetik abendura arte Euskal Herrian.