Japoniar jazzaren inguruko ziklo bat egingo dute Jazzaldian
Egungo jazz japoniarrari ziklo bat eskainiko dio Jazzaldiak, aurtengo egitarauaren barruan. Japoniako bost bakarlari eta talde izango dira zikloan parte hartuko dutenak, eta hamabi kontzertu emango dituzte guztira.
Zikloko bost taldeetako ezaugarri nagusia da pianoa eta gitarra direla instrumentu solistak, eta hiru taldetan emakume instrumentistak dira zuzendari lanak egingo dituztenak. Bestalde, musikari batzuek hiru egunetan joko dute.
Honakoak dira zikloan parte hartuko duten proiektuak: Fox Capture Plan, Ai Kuwabara The Project (Ai Kuwabarak ere solista moduan joko du), Goshu Ondo: Eri Yamamoto Trio Easo abesbatzarekin batera, Rei eta Yuki Arimasa-Ryo Ogihara. Sarrerak hilaren 21ean jarriko dituzte salgai, gainontzeko kontzertuen sarrerekin batera.