Biktima mota desberdinen hitzak jasotzeko topaketa egingo du Foro Sozialak
Entzun, bizikidetza eraikitzeko lelopean biktima mota desberdinen arteko topaketa antolatu du Foro Sozialak. Miramar jauregian izango da saioa, otsailaren 23an, 10:30ean, eta antolatzaileek aldibereko itzulpena egongo dela jakinarazi dute, euskaratik gaztelaniara.
Joan den asteazkenean eman zuten topaketaren berri Aitzpea Leizaolak eta Agus Hernanek eta baieztatu zuten euskal gatazka delakoaren baitan gertatutako sufrimendu ororen ezagutaraztea, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoak direla. Horregatik, topaketan biktima mota desberdinen hitzak bildu nahi dituzte; izan ere, gogorarazi dute V. Foro Sozialaren ondorio nagusia izan zena: egia osoa jakiteak “askeago” egingo duela gizartea.
Topaketan parte hartuko dute Maria Jauregik (Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba), Peru del Hoyok (Kepa del Hoyo kartzelan hildako euskal presoaren semea), Arritxu Marañonek (Zumaiako Udaleko zinegotzi sozialista eta urtez luzez bizkartzainarekin ibilia), Jone Artolak (etxetik urrun dagoen euskal preso baten senidea), Pablo Martinezek (espetxe funtzionarioa) eta Isidro Murgak (18/98 makrosumarioan auzipetua Egin-eko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik). Jardunaldiak bi mahai-inguru izango ditu: lehenengoan Jauregik eta del Hoyok hitz egingo dute, eta bigarrenean, Marañonek, Artolak, Martinezek eta Murgak parte hartuko dute.
Antolatzaileek nabarmendu zuten biktima guztiek merezi dutela “aitortza eta erreparazio maila bera” eta alderdi politikoei dei egin diete “gizarteak eskatzen duen adostasun eta kontsentsu guneak bilatzeko ahalegina egitera”. Ohartarazi dute, baita ere, azken asteetan “blokeatuta” ikusten dutela Eusko Legebiltzarreko Memoria lantaldea.