Haizearen Orrazia kultura ondasun kalifikatzeko proposamena aurkeztu dute
Haizearen Orrazia deituriko multzoa (plaza, hiru eskulturak eta ingurune naturala) Monumentu Multzo kategorian kultura ondasun kalifikatu nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Hala jakinarazi dute gaur goizean Eneko Goia Donostiako alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Haize Orrazian egin duten agerraldian. Haiekin batera azaldu dira, Eduardo Txillidaren eta Luis Peña Gantxegiren oinordekoak, Pedro Txillida eta Rocio Peña, hain zuzen.
Agerraldian jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak proposamena argitaratu du gaur, otsailaren 15ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hogei eguneko epean alegaziorik egon ezean, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez onesteari ekingo dio, eta Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuko da Haizearen Orraziaren multzo monumentala.
Aurkezpenean parte hartu duten lau pertsonek nabarmendu dute Eduardo Txillidak eta Luis Peña Gantxegik osatutako multzoak hemen eta nazioartean duen garrantzia. “Gizartearen eta artearen ikuspegitik errekonozimendu nabarmena” duen ondasun horren balioa azpimarratzea da babes horren helburua, bai eta baldintzarik onenetan zaintzea ere. “Berri aparta da gune hau modu horretan mimatuko dela jakitea”, onartu du Txillidak. Peñak, berriz, azpimarratu du Txillida eta Peña Gantxegiren belaunaldiko artista eta arkitektoen lana babestearen garrantzia.
Alkateak aitortu du orain arte erabili dituzten irizpideak ez datozela bat espazioaren garrantziarekin, eta gaineratu du hemendik aurrera “merezi duen bezala” tratatuko dutela. Jakinarazi du Berreskuratze Plan Integral bat osatzeko asmoa dutela, gunean egingo diren esku-hartzeak baldintzatuko dituena. Goiak azaldu duenez, aurkeztutako proposamenaren ondorioz, etorkizunean Udalak egin beharreko mantenu lanak babes neurriak kontuan harturik egin beharko ditu. Gainera, azaldu du Udala jadanik lanean ari dela mendi-magalaren babes proiektuan, baita multzo guztiari irisgarritasun hobea eskaintzeko lanetan ere.
Zupiriak pauso horrek duen garrantzia azpimarratu du, bere egileekiko errekonozimendu sozial bat ez ezik, bide bat delako ondare horren mantentze egokia ziurtatzeko. Haizearen Orraziaren Plazaren eta Eskulturen Multzoa –horrela agertzen da espedientean– babesteko proposamenak hiru eremu hartzen ditu kontuan (plaza, hiru eskulturak eta ingurune naturala), eta, era berean, nabarmentzekoa da gaur aurkeztutako proposamenak obraren perspektiba bisuala ere babestea proposatzen duela. Horrela, Haizearen Orrazia inguratzen duen itsas gunea ere babestuko du, eta Haize Orraziaren inguruko 1.500 metroko ingurunean ezingo da inolako esku-hartzerik egin