"Loiola ez dugu ezergatik aldatzen, herri baten modukoa da, oso atsegina"
Pili Jauregi Loiolako panpinen jaiotzaren autorearekin ginen bermuta hartzekoak, baina Tabakalerako bere lankide ohi Maite Sorozabalekin azaldu da azkenean, eta biekin hartu dugu bermuta.
Zergatik aukeratu duzue Iruña taberna?
Pili Jauregi: Askotan etortzen gara hona eta oso ondo tratatzen gaituzte. Gainera antolatzen dugun guztiarekin eta jaiekin asko kooperatzen duen taberna da.
Nola ikusten duzue Loiola?
P.J.: Gehiago egin beharko luke udalak. Orain lapur asko daude Loiolan, leku guztietan bezala. Udalak, hasteko, ibaiko pasealekua konpondu beharko luke, eta, batez ere, zaintza hobetu. Hala ere, orokorrean oso auzo jatorra da, eta oso ondo komunikatuta dago. Loiola ez dugu ezergatik aldatzen, herri baten modukoa da, oso atsegina.
Maite Sorozabal: Auzo guztietan eskatzen dugu segurtasuna hobetzea, baina nik ez dut ulertzen hori nola doan. Esan dute ertzain berri pila sartu direla, baina hemen ez dugu bat bera ere ikusten. Beti daude gauzak hobetzeko, baina nahiko ondo ikusten dugu orain geltoki berriarekin, eta abar.
Mugimendua ikusten duzue auzoan?
P.J.: Mugimendua dago bai, Sustrai taldearekin, batez ere. Lehen jende gehiago egoten zen taldean, baina orain umeei gehiago kostatzen zaie sartzea, telefono mugikorrarekin eta abar… Gainera, horrelako gauzak boluntarioak dira, eta horretan jendea errenka-errenka ibiltzen da. Hemengo boluntario gehienak 40 urtetik gorakoak dira, eta ez dago 20 eta 40 urte bitarteko jendea; hutsunea dago hor.
M.S.: Edozertan ikusten da, auzoan antolatzen diren gauza guztietan hutsune hori argia da.
Zer botatzen duzue faltan?
P.J.: Egun seinalatu asko daude Loiolan, eta boluntario gazteak falta dira, gauzak antolatzeko batez ere.
M.S.: Nabaritzen da gaur egun dauden boluntarioek uzten dutenean atzetik ez dela jendea etorriko. Ez da ikusten auzoko ohiturak mantentzeko gogorik.
Nondik atera zenuen panpinen jaiotza egiteko ideia?
P.J.: Boluntario ibiltzen den mutil batek esan zidan jaiotza txiki bat egiteko jubilatuentzat, baina azkenean ezin izan zen jubilatuentzat jarri. Hala ere, egina nuenez, auzoko lorategian jartzeko erabakia hartu nuen. Jendeari asko gustatu zitzaionez, hurrengo urtean handiagoa egitea erabaki nuen, eta panpinak biltzen hasi nintzen. Jendeak panpin asko zakarretara botatzen ditu, beraz, hartzen eta garbitzen hasi nintzen. Eta horrela, pixkanaka, 14 urte daramatzat panpinen jaiotza egiten. Bi mila inguru edukiko ditut orain. Garbitu eta konpondu ondoren elizaren azpian gordetzen ditut. Panpinak konpondu eta garbitzearena nik bakarrik egiten dut, baina jaiotza jarri eta kentzeko boluntarioen laguntza behar izaten dut. Denak nire adinekoak izaten dira, beraz, kaka eginda gelditzen gara lan guztia bukatzean.
Urtero berdina izaten da?
P.J.: Antzekoa. Pixka bat aldatzen da, nik egindako panpinei arropa aldatu behar zaielako. Nik egindako 130 panpina inguru egongo dira, eta arropa ere nik egiten diet, dena birziklatuta. Laster hasi beharko dut aurtengo jaiotzan pentsatzen, zikinak daudenak garbitzen, eta abar.
Zigarrogileak izan zineten biak, nolakoa zen Tabakaleran lan egitea?
P.J.: Ahaztu egin zaigu, hain zaharrak gara!
M.S.: Guretzako oso lantoki ona izan zen. Asko ginen, baina familia bat ginen, oso lagunarte handia egin genuen langileon artean. Oso gustura joaten ginen lanera, eta 32 urte eman genituen bertan lanean.
Orain zuen lana ezagutarazi dute.
M.S.: Bai, eta gainera, esaten dute jende asko joaten dela erakusketa ikustera. Guk ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen, baina Tabakaleran utzi digute guretzako aproposa den leku bat, eta artxibo polita egin dugu. Artxiboa guk genituen argazki eta tresnekin egin dugu, eta orain ematen du nahi dutela kanpora ere eraman, beraz, oso interesgarria da. Gainera, jendeak ez daki, baina meritu handiz egindako artxiboa da, bertan lan egiten genuenean ezin genuelako argazki kamerarik ez ezer sartu, dena debekatuta zegoen. Ezin genuen ezta sagar bat jan ere, eta gure aurretik egondako emakume zaharrek esaten ziguten zigortuta joaten zirela etxera karameluak jateagatik. Argazki guztiak ezkutuan egin behar izan genituen, nolabaiteko bekatua zirelako. Lanetik ateratzean egunero erregistroa egiten ziguten: atean emakume bat jartzen zen, eta goitik behera erregistratzen gintuen. Urte askotan ezagutu izan dugu hori, eta normala iruditzen zitzaigun, horrela zelako eta ez zegoelako besterik. Orain pentsatzen duzu: «horri eskuak moztu behar genizkion» [barrez].
P.J.: Guk ez diogu halako garrantzirik ematen, gure lana zelako, baina polita da. Batez ere, bertan lan egin genuontzako oroitzapen asko dira, hainbeste urte han pasata.
Zer iruditzen zaizue Tabakaleraren eraldatzea?
M.S.: Oso handia da, eta betetzeko buruhauste handiak daude. Hasieratik gauza asko jarri behar izan dituzte, eta jendea ekarriko duen zerbait berezia jarri nahi dute, baina ez da erraza. Hala ere, oso leku onean dago eta horrek ikusmina sortzen du.
P.J.: Nik uste dut Donostia oso txikia dela horretarako. Donostian hori betetzeko jende gutxi dagoela iruditzen zait, Madrilen edo Bartzelonan izan balitz bai, baina Donostian…Nik moda desfileak egingo nituzke, hor dagoen eskailera polit horrekin.
Animatuko zinakete modelo izatera?
P.J.: Nik egingo nuke! Birziklatzearekin zerikusia duen desfile bat egingo nuke, adibidez. Ondo ematen dio leku horri. Desfilea ikusten ari naiz jada, irudimen asko daukat. Gainera asko irabazten dugu apainduta! [barrez].
M.S.: Ez da sekula ezetz esan behar. Badakigu ez daukagula modelo izateko tipo eta adinik, baina ez da inoiz ezetz esan behar, oso ondo egongo zen!
Zer duzue orain eskuen artean?
M.S.: Auzoko gauzak ezin dira alde batera utzi. Hemengoak gara eta zaindu behar dugu. Pili beti ibiltzen da panpinei arropa aldatzen eta horrela, auzoko alma materra da.
P.J.: Ni beti ibiltzen naiz kultur etxeko erakusketekin gora eta behera. Izan ere, kultur etxera jende asko joaten da, horregatik esaten dut zaila dela jendea Tabakaleraraino hurbiltzea. Maiteminduen egunerako panpinak jantzi nituen, kaldereroetarako baita ere, danborradarako, orain inauterietarako… Beti zerbaitetan nabil; bilatu nahi banauzu hemen nago.
Jendeari zure panpinak gustatzen zaizkio?
P.J.: Asko gustatzen zaizkio jendeari. Gainera, aldatzen ez badut jendeak esaten dit, “aizu Pili, hori aldatu egin behar da”. Denek ezagutzen naute, lehen inauteriekin ere ibiltzen nintzelako. 20 urtez ibili nintzen. Lehen karrozak ere egiten genituen, eta 16 urtetan sariak izan genituen. Orain utzi egin dugu hori, eta gure kuadrillarentzat egiten ditugu gauzak, baina behintzat inauterietako igande goizean aterako gara ostatuz ostatu.
Zer egingo duzue aurtengo inauterietan?
P.J.: Ezin dizut esan, sorpresa da eta. Baina omenaldi bat egingo diogu Loiolatarra elkarteari, gurekin oso ondo portatzen direlako beti eta leku guztietan egoten direlako.
Zer iruditzen zaizue Donostiak bizi duen eraldaketa?
M.S.: Asko aldatzen ari da, baina guk hemen, Loiolan, ez dugu hainbeste ikusten aldaketa hori .
P.J.: Bai, gure kasuan, Loiolan, aparte egongo bagina bezala da. Nahiz eta Txominenea, Loiolako Erribera eta Amara Berri gertu izan ez gara elkartzen. Horiek pijoagoak dira.
HAMABIETAN BERMUTA: Bitter-a eta urdaiazpiko pintxoa.
Non: Iruña taberna (Loiola).
Prezioa: 4,20 euro.