Xumar Altzugarai: «Haserre gaude; ez dugu amore emango»
Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko langileek 56 egun daramatzate greban. Ubikeko bitartekaria da Xumar Altzugarai (Lesaka, 1985), eta bere lana erabiltzaileei ikus-entzunezko gaiekin laguntza ematea da. Altzugaraik azaldu digu greba hasi aurretik, lan baldintza duinen aldeko borroka hasia zutela.
56 egun daramatzazue greban, nolakoak izan dira bi hilabete hauek?
Gure lan baldintzak hobetzeko lehen saiakerak duela bi urte egin genituen. Lanean hasi ginenean ez genekien liburutegiak nola funtzionatuko zuen. Egonkortu ginenean, eta ikusi genuenean zein zen gure lan karga, konturatu ginen egiten genuen lana eta gure prestakuntza maila ez zudela inondik inora behar bezala ordainduak, eta baldintzak oso txarrak zirela.
Orduan, sindikatuekin solasean hasi ginen eta ELAk lagundu gintuen gehien. Hasieran, Administrazio kontseiluari [Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute] eskatu genion kontseilura joateko gure egoeraren berri emateko. Ez ziguten erantzun. Ondoren, gutun bat bidali genien kontseilua osatzen duten hiru kideei. Orduan ere, ez genuen erantzunik jaso. Hortik aurrera, Tabakalerarekin zuzenean biltzen saiatu ginen, baina kasu gutxi egin ziguten, egia esan. Azpi-kontratatzen gaituen Sedena enpresarekin ere saiatu ginen biltzen, baina hiru hanka horien artean mareatu egin gaituzte etengabe, ardura elkarri egotziz.
Hilabeteak pasa ditugu horrela, eta greba hitza mahai gainean jarri eta sindikatuarekin indarra egiten hasi ginenean, enpresak %8ko soldata igoera eskaini zigun. Garai hartan ikusi genuen, eta orain berretsi dugu, gu isilarazteko amarru bat izan zela. Igoera eskaintza horrekin ikusi genuen inork ez gintuela serio hartzen, eta erabaki genuen mobilizazioekin in crescendo hasiko ginela: azaroan bi orduko lan geldialdiak egiten hasi ginen, eta abenduan greba egun solte bat egin genuen. Abenduaren 22tik aurrera greba mugagabera joatea erabaki genuen, eta tarte horretan Administrazio kontseilura eta Tabakalerako arduradunengana jo genuen arren, ez genuen adostasunik lortu.
Greba egun asko pasa arte Tabakalerak ez du gurekin eseri nahi izan, eta Sedenarekin bilerak egin izan ditugun arren, eskaini izan digutena iraingarria izan da guretzat. Ez gaituzte serio hartu negoziaketetan. Grebara joan baino egun gutxi batzuk lehenago, enpresak beste saiakera bat egin zuen, eta %10eko soldata igoera eskaini zigun. Guk argi utzi genien eskaintza horrek ez zuela inondik inora betetzen guk egindako lan baldintza duinen eskaria.
Grebaren 40. egunean Sedenak hirugarren proposamen bat egin zigun: soldaten %15eko igoera. Momentu horretan adarra jotzen ari zirela sentitu genuen eta agerian gelditu zen ez zeudela negoziazioak eta egoerak eskatzen zuen mailan. Negoziazioa blokeatuta gelditu zen orduan.
Guk Gipuzkoako Eskuhartze Sozialeko hitzarmena aplikatzeko eskatzen dugu, baina beraiek tematuta daude horren aurka. Hori ikusita, blokeoa apurtu asmoz eta esfortzu handi bat eginez, bitartekariok erabaki genuen hitzarmeneko hainbat baldintza hartu eta proposamen propio bat idaztea. Asteazkenean bilera bat egin genuen Sedenarekin, baina ikusitakoaren arabera, egoerak luze joko du.
Zein emaitza eman ditu Sedenarekin egindako bilerak?
Guk aurkeztutako proposamenari erantzuna emateko, hamar folioko dokumentu bat aurkeztu ziguten Sedenakoek. Ezer berririk ez. Jada ez dakigu ze adjektibo jarri euren jarrerari: iraingarria, lotsagarria… Aurretik aurkeztu dizkiguten soldata igoeren ildo bereko eskaintza egin ziguten: berriro ere %15eko soldata igoera.
Gainera, guk aurkeztutako proposamenari ez diote jaramonik egin, eta zerotik hasitako dokumentu bat aurkeztu ziguten bileran. Txostenean orain gure lana erregulatzen duen estatuko hitzarmenetik hainbat paragrafo kopiatu eta itsatsi zituzten, akats ortografikoekin. Erabateko ardura falta iruditzen zaigu.
Horren aurrean, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariari biltzeko eskaria egingo diogu, Sedenaren jarreraren berri emateko, eta galdetzeko duten arduraren aurrean zein jarrera izango duten.
Asteazkenean aurkeztutako dokumentuaren lehen puntuak aipamen berezia behar duela uste dut; izan ere, asko harritu gaitu. Hain zuzen, guk enpresaren proposamena onartuz gero, datozen lau urteetan mobilizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzera behartzen gaitu lehen puntu horrek. Oso haserre gaude, eta ez dugu amore emango. Argi dago egoera hau luzatu egingo dela, Tabakalerak jarrera aldaketarik izan ezean. Guk gurean jarraituko dugu.
Egun asko daramatzazue greban, nola dago taldea?
Taldeko bik erabaki zuten ez zutela grebarekin bat egingo. Horietako bat beste lankide baten ordez sartu zen duela gutxi, eta probaldian dagoenez, beldurragatik erabaki zuen grebara ez joatea. Bestea, taldearen koordinatzailea da, azpi-kontratatzen gaituen Sedena enpresarekin bitartekari lanak egiten dituena. Posizio deserosoan zegoela-eta erabaki zuen ez zuela bat egingo borrokarekin.
Besteok, elkartuta gaude. Ia bi hilabete daramatzagu greban, eta gorabeherak izan ditugu. Greban egotea ez da erraza, baina erabakiak denon artean hartzen ditugu ahalik eta adostasun handienarekin. Argi daukagu puntu honetara iritsita, lan baldintza duinak bermatuko dizkigun zerbait sinatuta eduki arte, ez garela lanera bueltatuko. Normala den bezala, gauzak egiteko modu desberdinak eta ikuspegi desberdinak ditugu, baina denok norabide berean goaz. Kohesio handia dago gure artean.
Esan izan duzue adostasun batera iristeko borondate gutxi ikusten duzuela beste aldeetatik…
Ez dakigu borondate falta hori zertara datorren. Garbi dago dirua egon badagoela, izan ere, inoizko aurrekonturik altuenak onartu ditu Tabakalerak aurten, 6 milioi eurotik gorakoa uste dut, eta bere garaian kalkuluak egin genituen: aurrekontu horretatik %1a beharko litzateke gure soldatak eta lan baldintzak duinak egiteko.
Ubik liburutegi aitzindari bat da estatu mailan, guztiz berritzailea delako. Gainera, askotan aipatu izan dugu Ubik dela Tabakaleran jende gehien jasotzen duen eskaintza. Urtean 200.000 erabiltzaile inguruk erabiltzen dute espazioa, eta jende askok esaten digu ez dutela ulertzen nola luzatzen ari den horrenbeste gure gatazka. Ulergaitza da ematen dugun zerbitzuarekin eta dugun prestakuntzarekin ditugun baldintzak izatea. Elkartasun keinuak etengabeak dira, eta horrek indar izugarria ematen digu.
Kontseilukide baten esandakoaren arabera, onponbidera ez iristeko arrazoietako bat ere izan daiteke, gure kasuak aurrekari bat sortu dezakeela, bai Tabakaleran eta baita beste antzeko guneetan ere. Izan ere, Tabakaleran baldintza kaskarretan gauden bakarrak ez gara gu. Zerbitzu asko azpi-kontratatuta daude, eta baldintzak ez dira duinak. Asteazkenean elkartasun argazki bat egin genuen, eta oso pozik gaude erantzunarekin, Tabakalerako langile askok egin zutelako bat deialdiarekin.