Eneko Goiak bere hautagaitza aurkeztu du
Eneko Goia alkateak datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako bere hautagaitza aurkeztu du gaur goizean. EAJren hautagaien zerrendak Donostiarekin eta donostiarrekin duten konpromisoa “erabatekoa” dela azpimarratu du Goiak aurkezpen ekitaldian.
Hautagai jeltzaleak adierazi duenez, Espainian datozen hilabeteetan biziko den liskar giroaren aurrean, “Donostian eta Euskadin egonkortasunaren, akordioen eta aurrera egitearen bidetik” jarraituko dute, “EAJren egiten jakiteari esker”. Azken lau urteotan “etorkizuneko Donostiaren oinarriak” ezarri dituztela adierazi du Goiak, eta “ilusioz” aurrera jarraituko dutela dituzten proiektuekin.
Bere legealdian zehar egin duten guztia nabarmentzeaz gain, etorkizuneko erronkak aipatu ditu Goiak: “Gazteek euren bizitza proiektua Donostian gauzatu dezaten etxebizitza politiketan lan egitea, adinean gora doan hiri lagunkoia eraikitzea, kanpotik datozenekin elkarbizitzen ikastea, hiri kohesionatuago bat eraikitzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzea eta gure nortasuna mundu zabal honetan indartzea”.